Mutiloan San Pedro jaiak ospatuko dituzte bihartik igandera. Sagardo dastaketak 25. urteurrena du. Ostiralerako eta larunbaterako autobusak antolatu dituzte
Bihar eguerdian udaletxeko balkoian txerria zintzilikatuz hasiko dituzte San Pedro jaiak Mutiloan. Aurtengo ekitaldirik garrantzitsuenetako bat, ostiraleko sagardo dastaketa izango da, 25. aldiz egingo baitute. Iñaki Ugalde alkateak gogoratzen duenez, elizaren atzean hasi ziren sagardo dastaketa antolatzen, dozena bat sagardorekin. «150-200 basorekin hasi ginen. Ideiarik ez geneukan zer izango zen eta edalontzi gehiago erostera joan ginen». 1996an pilotalekua egin zenetik, bertan egiten da eta jendetza erakartzen duen ekitaldia da; gaur egun, 1.200 edalontzi inguru saltzen dituzte.
Aurten, inoiz baino sagardo gehiago dastatzeko aukera izango da, 25 guztira. Kamisetak, lepoko zapiak eta edalontzi berriak egin dituzte aurten zilarrezko ezteiak ospatzeko; argazki erakusketa ere prestatu dute. Sagardo dastaketaren egunean hutsik egiten ez duen beste osagai bat, Joselu Anaiak taldea izaten da.
Gaueko autobusak
Ostiral eta larunbat gauean autobusak jarri dituzte Mutiloara joateko. Ostiralean, Lazkaotik 19:00etan eta 20:30ean abiatuko dira, Ordiziatik eta Beasaindik pasatuz; eta Zegamatik, 19:45-ean eta 21:15ean, Seguratik eta Zeraindik barrena. Itzulerarako lau autobus jarri dituzte.
Larunbatean, 22:30ean irtengo dira autobusak Lazkaotik eta Zegamatik; itzulerarako ere bi autobus izango dira.
25 sagardotegi
Sagardo dastaketa, 2006. urtean.
Gipuzkoako 25 sagardo ezberdin izango dira aukeran:
· Astigarraga: Petritegi, Astarbe, Lizeaga, Bereziartua, Oiarbide, Etxeberria eta Larrarte.
· Hernani: Otsua-Enea, Larregain, Iparragirre, Itsasburu, Akarregi eta Alberro.
· Asteasu: Sarasola.
· Donostia: Calonge.· Urnieta: Elutxeta.
· Zerain: Otatza eta Oiharte.
· Ordizia: Tximista.
· Aduna: Aburuzua.
· Tolosa: Isastegi.
· Aia: Satxota.
· Ikaztegieta: Begiristain.
· Altzaga: Olagi.
· Legorreta: Aulia.