Irisgarritasuna hobetzeko eskailerak berritu eta barandak ere jarri dituzte. Bolateko materialarentzat biltegi berria egin dute. Aldundiaren laguntza izan dute
Mutiloako pilotalekuan irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egiten ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirola Sailak diruz lagunduta. Batetik, eskailerak berritu dituzte, eskailera maila zabalagoak eta erosoagoak eginez. Horrekin batera, eskaileren alde banatan, baranda jarri dute.
Bestalde, pilotalekuaren beste aldean, komunak eta aldagelak berritzen ari dira. Orain arte bola jokorako tresnen biltegia zena kendu eta bolatokian bertan jarri dute, bolarien eskura. «Argia eta ura jarri dugu bertan egin dugun lokal txikian», dio Iñaki Ugalde alkateak.
Era horretan, komun eta aldagela handiagoak egin ahal izan dituzte, sarrera berriarekin, eta irisgarritasun arau guztiak beteta. Dutxak ere egokitzen ari dira. «Pilotalekua erabiltzen dutenek aldagelak erabiltzeko aukera izango dute».
23.000 euroko (gehi BEZa) aurrekontua izan dute hiru lanek eta Gipuzkoako Foru Aldunditik diru laguntza jaso dute; aurrekontuaren erdia.