Ampo Ordiziak itxura ona eman du aurredenboraldiko lehen partidan
Irailaren 17an, Altamiran jokatuko du Ampok ligako lehenengo partida, Alcobendasen aurka. Denboraldi berrirako jokalari berri ugari izango du seniorren taldeakDenboraldi berriari aurre egiteko lanean ari da jada Ordizia Rugby Elkarteko seniorren taldea...
Irailaren 17an, Altamiran jokatuko du Ampok ligako lehenengo partida, Alcobendasen aurka. Denboraldi berrirako jokalari berri ugari izango du seniorren taldeak
Denboraldi berriari aurre egiteko lanean ari da jada Ordizia Rugby Elkarteko seniorren taldea. Harkaitz Garmendiak eta Iñigo Marotiasek taldearen gidaritzapean jarraitzen dute eta gogor ari dira lanean abuztuaren erdialdeaz geroztik, irailaren 17an hasiko den ligan, klubak jarri dituen helburuak lortu ahal izateko.Ligako lehenengo partida, irailaren 17an jokatuko badute ere, aurredenboraldiko lehenengoa pasa den larunbatean izan zuten, Frantziako Agen hirian, Top14ko Sporting Union Agenen spoirs mailako taldearen aurka. Ez ziren baldintzarik onenak eman Valence d’Agengo Stade Armandien partida bikaina egiteko, izan ere, 37 graduko tenperaturarekin hasi zuten partida 17:00etan, autobusez bost orduko bidaia egin ondoren.
Horrez gain, «ohikoa baino partida luzexeagoa izan zen eta partida normal batean baino jokalari gehiagok parte hartu zuen», Garmendiak argitu bezala. Emaitza aldekoa izan ez bazen ere, «bi entsegu ondo landuak» gauzatu zituzten Ordiziako mutilek eta orokorrean, zelaian emandakoarekin «oso gustura» agertu dira entrenatzaileak, «taldeak emandako itxurarekin».
Datorren astebukaeran, berriz, larunbatean hain zuzen, Ampo Ordizia etxeko zaleen aurrera agertuko da, Altamiran, 19:00etan. Madrilgo Cisneros izango du aurrean, ohorezko mailan jokatzen duen taldea. Altamiran burutuko den estreinaldirako talde indartsua da Madrilgoa. Aurreko astebukaeran jokatutako partida baino «seriagoa» izango dela adierazi du Garmendiak. «Pixkana, ligako partidetara hurbiltzen joateko aukera polita» izango dela gehitu du, eta gainera, «taldearen egoera zein den neurtzeko modua» ere izango dela.
Azkenik, liga hasi bezperan, irailaren 9an hain zuzen, Liceo Frances taldea izango du bisitari Goierriko klubak. Talde madrildarra ohorezko b mailan aritzen da eta pasa den denboraldian igoera fasea jokatu zuen. Zaleek taldearen orain arteko lana ikusteko aukera polita izango dute beraz datozen astebukaeratan.
Klubeko gainontzeko taldeei dagokienez, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek asteartean egin zuten lehenengo entrenamendua. Klubeko gaztetxoenak eta neskak hurrengo asteetan hasiko direla jakinarazi du klubak.
Aurpegi berriak
Taldea indartzeko asmoarekin, hainbat fitxaketa berri egin ditu talde ordiziarrak. Coert Cronje hegoafrikarra da, 29 urte ditu, 1,83 neurtzen du eta 90 kilo ditu. Cronje hiru laurdenak indartzeko helburuarekin dator eta Cristian Rustek utzitako hutsunea betetzea du helburu. Coertek Falconsen jokatu du 2012az geroztik. Vodacom Cup eta Currie Cup-en jokatu du besteak beste.
Juan Manuel Lescano ere Ordizian ariko da datorren denboraldian. Lescano argentinarra da, 26 urte ditu eta erdi-melea da. Paranako Estudiantes taldetik dator, goren mailako Atletico Rosarion jokatu ondoren. Americas Championship eta Nations Cup txapelketetan aritua da Argentina XV taldearekin.
Baina ez dira bi jokalariok taldeko aurpegi berri bakarrak. Lana, ikasketak edota beste arrazoi batzuk tarteko, urte batzuetan kanpoan izan ondoren, Joanes Mujika, Beñat Erbina, Jon Idiakez eta Thomas Hearne taldera itzuli dira. Horiei, Asier Pazos eta Omar Castro gehituko zaizkie. Biak ala biak, Leonen aritu dira aurreko urteetan eta denboraldi berri honetan, Ordizian ariko dira.
Horiei guztiei, 18 urtez azpiko taldetik igotako jokalariak batuko zaizkie. Dena den, taldea isteko «oraindik beste ate batzuk zabalik» daudela adierazi du klubak eta «oso litekeena da, denboraldia hasi aurretik, berri gehiago izatea».
Talde guztietan gertatu ohi den bezala, batzuk etorri eta beste batzuk badoaz; jada ezagun ziren Mikel Marotias eta Iñaki Luloagaren agurrei, beste sei gehitu zaizkie. Kepa Zamakola, Agustin Ortiz, Patxi Muller, Cristian Zapateria, Pablo Aiestaranek eta Cristian Rustek ez dute Ordiziako taldean jarraituko. Klubak, esker ona adierazi nahi die taldea utziko duten guztiei eta zorterik onena opa die proiektu berrietan.
Entrenatzaile ikastaroa
Ordizia Rugby Elkarteak entrenatzaile izateko ikastaroa eskainiko du irailean, hilaren 12an, 14an eta 15ean hain zuzen, 17:00etatik 19:00etara. Interesa dutenek izena emateko epea zabalik dago eta direcciontecnica@ordiziarugby.eus e-postara idatzi beharko dute.
Bazkidetza kanpaina
Denboraldi berrirako bazkidetza kanpaina martxan dago. Aurtengo abonu arrunta 90 eurokoa da eta beste aukerak aldaketarik gabe mantenduko dira: ikasle eta langabetuena 20 euro, jubilatuena 50, bazkide hutsa (sarrerarik gabe) 20 eta laguntzailea, 40 euro. Enpresa eta laguntzaileentzat aukera desberdinak daude.
Bazkidetza www.ordiziarugby.eus webgunean dagoen atalaren bitartez egin daiteke; banketxean klubeko kontuan diru-sarrera eginez ere bai, baita partida egunetan Altamirako sarreran jarriko den mahaira gerturatuta ordainduz ere. Informazio gehiago info@ordiziarugby.eus epostara idatzita.