Aste osorako ekintza egitarau zabala antolatu dute herritar guztiek parte hartzeko. Egun handia, azaroaren 11 izango da, munduko arrozen herri bazkaria eta tailerrak egingo baitituzte
Ordiziako Udalak, Ordizia Kolore elkartearekin batera, Kulturarteko Topaketa Astea antolatu du. Herriaren kultura aniztasuna nabarmentzeko, tokiko hainbat eragile bildu dira eta aste osorako ekintza egitarau polita prestatu dute. Atzo, Ordiziako D’Elikatuz zentroan aurkeztu zuten Kulturarteko Topaketak ekarriko duena.
Proportzioan, munduko bazter ugaritatik etorritako biztanle gehien duen EAEko herria da Ordizia. 2017ko urte hasieran, 10.000 biztanletik gora zituen erroldatuta, Eustat-en datuen arabera. Biztanleen artean %73,5 (7.352 pertsona) Euskal Herrian jaioak dira, %11,5 espainiar estatuan (1148), %6,5 Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako batean jaioak (653) eta %8,5 munduko beste herrialde batean (848).
Herriak bizi duen errealitatearen jakitun, «kultura desberdinetako pertsonen artean harremanak sortzea da erakundeen lana», adierazi du Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariak. Horren harira, «gaur-gaurkoz landatutako haziak, etorkizunean fruituak emango» dituela uste du teknikariak.
Aste osoko egitaraua
Datorren astean, asteartean emango diote hasiera aurtengo topaketari, Joseba Zalakain, SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroko zuzendariak emango duen
Diru sarrerak bermatzeko errenta Euskadin: ahuleziak eta indarrak hitzaldiarekin. Euskadin indarrean dagoen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) sistema aztertuko da hitzaldi horretan, pobreziari aurre egiteko dituen gabezia eta indarrak nabarmenduz. Alde batetik, laguntza sistema horren datu nagusiak emango dira ezagutzera eta, bestetik, gaur egun dituen arazo nagusiak aztertuko dira. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen erreforma ereaztertuko da. Hitzaldia Barrena kultur etxeann izango da 18:30ean.
Nabarmentzeko beste ekintzetako bat datorren ostegunean, hilaren 9, antolatu duten munduko sukaldaritza ikastaroa da. Parte hartu nahi duenak, aldez aurretik eman beharko du izena D’Elikatuz zentroan bertan edota 943 88 22 90ra deituta.
Hilaren 10, kultura desberdinetako emakumeen arteko elkarrizketak antolatu dituzte, D’Elikatuz zentroan 17:00etan. 18:00etan, berriz, perkusio tailerra; eta 20:00etan, Bouhia musika taldeak musika bereberea jo eta dantza tradizionalak dantzatuko dituzte, Plaza Nagusian.
Azaroaren 11, egun handia
Azaroaren 11n, larunbata, festa handia prestatu dute Ordiziako pilotalekuan. 12:00etan munduko arrozak prestatuko dituzte eta 14:00etan, bazkari herrikoia egingo dute. Nahi duenarentzat irekia egongo da hortaz, gerturatzen diren denek izango dute arroz desberdinak dastatzeko aukera.
Bazkal ostean, tailer eta ekintza desberdinak antolatu dituzte; hip-hop dantza, henna, trentza afrikarrak, munduko teak, haurrak garraiatzeko oihalak nola jarri, buruko zapiak, emakume saharauien soinekoak eta beste hainbat gauza egiten ikasteko tailerrak antolatu dituzte.