Garaipen garrantzitsua lortu du Basoa Banaketak taldeak Majorin
Zazpigarren garaipena lortu zuten Ordizia Basoa Banaketak saskibaloi taldeko mutilek larunbatean Majorin, Valle de Egües taldearen aurka. Tentsio handiko partida izan zen, bi taldeentzat oso garrantzitsua baitzen garaipena eskuratzea. 72-56 amaitu zut...
Hasiera-hasieratik defentsa lan gogorra egin zuten ordiziarrek, baina nafarrak erasoan fin ibili ziren eta bosgarren minuturako 0-8 markagailuarekin jarri ziren aurretik. 10-15 bukatu zuten lehenengo laurdena.
Bigarrenean goierritarrek hobeto jokatu zuten erasoan, eta hala, 25-26ko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten etxekoek, eta hortik aurrera, ordiziarrek nafarren defentsa haustea lortu zuten. 51-38 bukatu zen hirugarren laurdena.
Azken laurdenean, Ordiziakoen nagusitasuna argia izan zen. Gutxinaka, 13 puntuko tartea handituz joan ziren, 21 punturaino heldu arte. Azkeneko minutuetan, abantaila kudeatzen jakin zuten aurkari zuzen baten aurka. Hamasei puntuko aldearengatik nagusitu ziren azkenean ordiziarrak.
Hurrengoa Zarautzen
Hurrengo jardunaldia 22.a izango da eta Zarautz aldera egingo dute Ordiziakoek. Izan ere Ulacia Grupo Zarautzen aurka jokatuko dute, igandean 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegian.