Oposizioak planto egin du Enbaren errespetu eskaeraren aurrean
Aralarko auzian inplikatuta dauden ordezkari politikoei errespetua eskatzeko mozioak, Ordizia Oraineko zinegotziek beren exerlekuak uztea izan zuen ondorio Azaroko ohiko udalbatza egin zuten pasa den ostegunean Ordiziako udaletxean. Gai zerrenda luzea ...
Aralarko auzian inplikatuta dauden ordezkari politikoei errespetua eskatzeko mozioak, Ordizia Oraineko zinegotziek beren exerlekuak uztea izan zuen ondorio
Azaroko ohiko udalbatza egin zuten pasa den ostegunean Ordiziako udaletxean. Gai zerrenda luzea izan zen, 22 puntu guztira. Horietako gehienak, tramite hutsak, zer esan handirik gabe pasatu zirenak. Baina puntu beroak ere bazeuden tartean; Enirio-Aralarko inguruak motordun ibilgailuentzat egokitzeko proiektuaren exekuziorako errespetua eskatuz, Enba sindikatuak aurkeztutako eta EAJk onetsitako mozioa hain zuzen ere. Ordizia Oraineko bi zinegotziak beren exerlekuak utzi eta publikoan exeri ziren, puntu honek sortutako hika mikaren ondorioz.Enba, errespetu eske
Aralarko pisten auziak komunikabideetan ere izan du islada azken aldian. Pisten aldeko bozka eman eta horregatik auzibidean dauden agintarien izen-abizenak ere argitaratu dituzte albisteetan. Orain, Enba sindikatuak, Gipuzkaoko Foru Aldundian obra egiteko baimena bideratu duten ordezkari politikoei, eta Enirio-Aralar Mankomunitatean obra proiektua gauzatzeko alde bozkatu duten ordezkari politikoei, epai bidean jartzearen ondorioz izaten ari diren jazarpen mediatikoaren aurrean babesa adierazteko mozioa aurkeztu zuten Ordiziako Udalbatzan, EAJko ordezkarien bidez.
Oposizioko alderdiek adierazi zutenez, «Aralarko pistei lotutako gaietan nahi bezala jardun zarete eta ezin diogu errespetu eskaerari onespena eman». Mila Sukia Ordizia Oraineko ordezkariak «Ordiziako Udalak pista proiektuari ezetz esan eta Enirio-Aralar Mankomunitateak akordio hori bete ez» duela salatu zuen gainera.
Mozioak, ez zuen aurrera egin. EH Bilduko bost zinegotziek eta Ordizia Oraineko biek kontrako bozka eman baizuten. EAJk (bost) eta PSEEk (bat) alde bozkatu zuten. Bozketaren ondoren, Ordizia Oraineko bi zinegotziek udalbatzako exerlekuak utzi zituzten, «beren iritziak kontuan hartzen ez» direla salatuz.
Presoei babesa
Bestalde, presoen urruntze politika salatuz Sare elkarteak, Ordiziako EH Bilduk eta Ordizia Orainek onetsitako mozioa sartu zuten. Espetxe politika berri baten beharra aldarrikatzen zuen mozioak, presoak gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat eskatuz. Udal ordezkariek aho batez onartu zuten. Gainera, espetxeetako zuzendaritza nagusiari eta Zuarako (Zaragoza), Picasenteko (Valentzia) eta Sevilla II espetxeetako zuzendariei mozio honen inguruan berri emateko konpromisoa hartu zuten.