Bigarrenez jarraian txapeldun
Idoia Besadak eta Aitor Artolak irabazi dute Euskal Herriko 41. Dantza Txapelketa. Hamahiru bikote lehiatu dira. Dantza Egunean segurarrek kalean dantza egin duteEguraldi euritsuak ez zituen segurarrak etxean utzi eta aurreko larunbatean Aizkorpeko her...
Idoia Besadak eta Aitor Artolak irabazi dute Euskal Herriko 41. Dantza Txapelketa. Hamahiru bikote lehiatu dira. Dantza Egunean segurarrek kalean dantza egin dute
Eguraldi euritsuak ez zituen segurarrak etxean utzi eta aurreko larunbatean Aizkorpeko herria Euskal Herriko dantza hiriburua bilakatu zen. Izan ere, dantza giroa goizean barreiatu zen Seguran Dantza Egunaren harira. Arratsaldean Baratze frontoian Euskal Herriko puntako dantza sueltoko dantzariak 41. txapelketan lehiatu ziren. Idoia Besadak eta Xabier Artolak osatutako bikoteak irabazi zuen, Irura-Pasaiakoak.Iaz dantza lehiaketaren 40. urtemuga izan zen eta Dantza Eguna egitea pentsatu zuten udaletik; hala polka erraldoia antolatu zuten plazan. Aurten ere egin dute. Eñaut Telleria alkatea polkarako prest zegoen larunbatean Segurako plazan eta haren hitzetan, «txapelketa girotu eta herrian zer edo zer egiteko Dantza Eguna antolatu genuen iaz». Aurtengo polka ez da txikia izan, 100 lagun baino gehiago elkartu ziren plazan. Iosune Arrondo kultur teknikariaren hitzetan, «garrantzitsua da haurrek dantzaren balioa ikustea eta frontoian egiten den lehiaketatik harago kaleetan ere dantza egiten ikustea eta dantzatzea ere». Dantza Egunaren barruan bazkari herrikoia izan zen, 250 bat lagun elkartu ziren eta dantzaldia ere egin zuten ondoren plazan Errebal taldearen doinuetan.
Dantza herrikoietatik jauzia egin, eta herrikoia profesional bilakatuta eman zuten frontoian arratsaldean. Hamahiru bikote lehiatu ziren, lehenengo hirurek batutako puntuak oso parekatuta utzi zituen arren, Besadak eta Artolak osatutako bikoteak lortu zituen puntu gehien, eta baita txapela eman ere.
Aurrera begirako erronkak
Txapelketaren ondorenean dantzariek Seguran dantza egiteko aukera soila «ametsa» dela zioten, are gehiago irabaztea. Aurten ez da Bizkaiko dantzaririk egon eta Arabatik bikote bakarra iritsi da. Edonola ere, Arrondok esan duenez, «gure erronka Euskal Herriko lurralde guztietako dantzariek parte hartu dezatela da. Izan ere, bakoitzak bere estiloa dauka eta oso aberasgarria da, esate baterako, Iparraldekoak horren modu pausatuan dantza egiten ikustea».
Dantza lehiaketan sortzen den giro bereziari azpimarra egin dio Arrondok, «dantzariek eta haien ingurukoek frontoia energia berezi batekin betetzen dute».
Atsedenaldian Tio Teronen Semeak taldeak eskainitako ikuskizunak harrera ezin hobea izan zuen. «Lehia eten eta umore pixka bat ekarri zuen, garai batean lehiaketako epaile zein dantzari izandakoei dantza egin zieten eta lehiaketa beraren parodia egin zuten».