EH Bilduren aldeko bost jaso ditu aurrekontu proposamenak; EAJko lau zinegotziak abstenitu egin dira. 2018an bi mailegu eskatu beharko dituzte
Segurako Udalak 2018ko udal aurrekontuaren proiektua onartu zuen urtarrilaren 25ko osoko bilkuran : 1.586.276 euro. EH Bilduren aldeko bost boto jaso zituen aurrekontu proposamenak; EAJko lau zinegotziak abstenitu egin ziren. Alegazioak aurkezteko epea irekita dago eta otsail bukaera aldera onartuko dira behin betikoak.
Inbertsioei eta gastuei dagokionean, herrigunea biziberritzeko helburuarekin, zirkulazio neurri berriak hartzeko 15.000 euro erabiliko ditu udalak. Eñaut Telleria alkatearen esanetan, «herriko zirkulazioa mugatzea Errobeteko prozesutik ateratako ondorioetako bat da». Bestalde, Errebote eremuko proiektua gauzatzeko, 21.780 euroko diru partida izendatu dute. Errebote eremuarekin lotuta dago karparen erosketa ( 6.900 euro). «Oraindik erabakitzeko dago zein karpa mota jarri. Herritarrek estalpea eskatzen zuten baina lantegian inork ez zuen estalpea jarri. Eta jartzekotan, berri bat eraiki beharrean, proba egitea ikusten zuten, behin-behinekoa jartzea egokiagoa ikusten zen, erabiltzen zen ala ez ikusteko», zehaztu du Telleriak. Herrigunea biziberritzearekin lotuta, beste asmo bat ere badu Segurako Udalak 2018rako: «Erreboteko prozesuan atera zen Segurak espazio publikoa irabazi beharra zeukala nolabait, plazara asko mugatzen zela. Honela, asmoa ideia lehiaketa bat egitea da, Segurako txoko bat txukundu eta erabilgarri jartzeko». Oraindik erabat zehazteko dute zein izango den gunea. 3.000 euro aurreikusi dituzte horretarako.
Ingurumen proiektua
Hondakinekin lotuta, 30.000 euroko aurreikuspena egin dute, hondakinen inguruko parte hartze prozesuaren ondorioak aplikatzeko. «Hobekuntzak aplikatzen hasiko gara: San Joan egoitzako gunea, pardelen eta organikoaren edukiontziak jartzea, eta organikoa herrian kudeatzeko egin beharreko azpiegitura. Hirugarrena ez dago gure esku bakarrik». Bestalde, kalea garbitzeko makina ordaintzeko 21.630 euro erabiliko dituzte: «Kalea garbitzeko makina hondatu zaigu eta garestia denez, renting bidez hartuko dugu», zehaztu du alkateak.
Igerilekuan eta futbol zelaian egin beharreko obrentzat, berriz, 28.000 euro aurreikusi dituzte: igerilekurako 18.000 euro eta futbol zelairako 10.000 euro. «Igerilekuan makinaria berria erosi beharrean gaude. Futbol zelaian, berriz, futbol taldearekin harremanetan gaude. Lehen tenis pista zen lekuan belar artifiziala jarri nahi zuten, baina orain, kaldera ere zahartuta dagoela eta berria behar dutela ikusi dute. Beraiekin erabakiko dugu zerk duen lehentasuna».
Gainerakoan, herriko mapa toponimikoa egiteko 10.000 euro, San Joan jaietarako 44.500 euro, oholtza erosteko 4.300 euro eta emakumezkoen txirrindulari probarako 2.000 euro aurreikusi dituzte.
Bi mailegu
Udal aurrekontuaz harago, 2018. urtean bi mailegu eskatu beharko dituztela aurreratu du Segurako alkateak, «Baratze pilotalekuko obra egiteko eta Errebote prozesuan ateratako ondorioak gauzatzen hasteko». Pilotalekuko obrak urrian, dantza txapelketa amaitutakoan, hasiko dituzte; Errebotekoa, berriz, urte bukaera aldera; «faseka hasiko gara».