Ardiki Egunean, Zaldibiako 23. mondeju lehiaketa eta Aralarko 20. gazta lehiaketa egingo dituzte. Ganadu erakusketak, artisautza azokak eta musikak osatuko dute feria-eguna
Zaldibiako Ardiki Kofradiak urriko azken igandean ospatu ohi duen festa etzi izango da. Ardiki Egunean, ohi bezala, Aralarren eremuko artzaintza, ardia eta ardikiak plazaratuko dituzte.
Bi lehiaketa izango dira aurten ere ardatz. Zaldibiako 23. Mondeju Lehiaketa hestebete zuri hori egiten duten zaldibiarren artean garatuko da. Izen-emate epea gaur iluntzean itxiko da. Momentuz, 18 partaidek eraman dituzte bosna kana mondeju. Hogei bat izatea espero da.
Mondejuak epaitzen hiru aditu ariko dira: Matias Gorrotxategi, Tolosako Julian jatetxekoa; Iban Mate, Beasaingo Dolarekoa; eta Joxe Manuel Olano, Beasaingo Olano harategikoa.
Beste lehiaketa Aralarko gaztaren 20.a da. 17 gazta aurkeztu dituzte. Aurten berri bat badago, eta nafar aldekoak bi dira. Epaimahaia herritarrek eta hiru adituk osatuko dute: Joseba Beitia, Orexako Oihan Txiki kooperatibakoa eta Lurlaneko teknikaria; Eneko Azurmendi, Lazkaoetxekoa; eta Ander Barandiaran, Idiazabalgo artzaina.
Feria, 10:30etik aurrera
Azoka plazan kokatuko da, 10:30ean hasita. Bazkariak ardikietan oinarrituta izango dira, herriko jatetxeetan, 14:30ean.
Ganadu erakusketa jarriko dute. 9-10 lote ahari, ardi eta bildotsekin; pottoka talde bat; eta ahuntz azpigorriak. Artisautza azoka-salmentarako 20 bat postu daude izena emanda.
Musika arloan, Hernaniko musika eskolako ikasleak, Zaldibiako txistulari taldea, eta Estanga anai-arreba trikitilariak ibiliko dira kalerik kale. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso etorriko dira bertsotara. 18:30ean, Goierriko 4. Erromeria Birako dantzaldia izango da.
Lehiaketak 11:30ean hasiko dira, eta sari-ematea 13:30ean. 12:00etan astazerra erakustaldia egingo dute, garai bateko eran zura ebakitzeko, arpana eta trontza portugaldarra erabilita.
Zaldibiako familien 2. liburua aurkeztuko dute
Iztueta Elkarteak igandean erakutsiko du herritarren aurrean ‘Zaldibiako familiak’ bildumaren bigarren argitalpena. Herriko zenbait etxetako informazioa gehitu dute. Igan-dean, Ardiki Egunean, postua jarriko dute plazan, eta bigarren liburukia salgai izango da.
‘Zaldibiako familiak’ liburua 2014ko urrian argitaratu zuen Iztueta Elkarteak. Fitxadun bildumagarri eran, karpetan 9 auzotako 70 bat familiaren berri atera zuten. Bigarren eta azken zatia ondu dute orain.