Lazkaoetxek jaso du saria
Eneko Azurmendi sukaldariak irabazi du Ardiki Eguneko mondeju zuri lehiaketa. Aralarko gazta onena, Arregi-Urbiztondotarren Beaskingoa.Urte askoan Zaldibiako mondeju lehiaketan parte hartu ondoren, Lazkaoetxeko Eneko Azurmendik lortu du irabaztea. Igan...
Eneko Azurmendi sukaldariak irabazi du Ardiki Eguneko mondeju zuri lehiaketa. Aralarko gazta onena, Arregi-Urbiztondotarren Beaskingoa.
Urte askoan Zaldibiako mondeju lehiaketan parte hartu ondoren, Lazkaoetxeko Eneko Azurmendik lortu du irabaztea. Igandean hark egindako mondeju zuria aukeratu zuten 23. Ardiki Egunean onentzat. Mendizabal baserriko Arantxa Etxeberria izan da bigarrena, eta Senos taldea hirugarrena (Gantzarain anaiak, Oto anaik, Pungi Aranguren, Peizio eta Asier Murua). Orain arte, lehenengo sekula egin gabea zen Azurmendi, eta poza agertu du sariagatik.«Aspaldikoa da mondejua egiteko tradizioa gure etxean. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da, eta ohiturari eutsi beharko diogu guk ere. Lehen amona aritzen zen; gero amak hartu zuen lekukoa, eta orain ni aritzen naiz, amak lagunduta», esan zuen, atzo, Eneko Azurmendik.
Lazkaoetxen nekazaritza-turismo ostatua eta jatetxea dute. Harako «kantitate handixeagoa» egiten ohituta dago. «Bezeroek mondejua eskatzen dute, eta, bestela ere, aperitibo bezala eskaintzen diegu. Adin jakin bateko jendeari gehiago gustatzen zaio; ardikia jaten ohitutakoei, baserri munduko jendeari… Gazteei ez hainbeste, agian».
Etxeko baratzea eta bertan daukaten ganadua dute osagai iturri. «Oinarrizko osagaiak onak izatea printzipala da». Aldea, xehetasunek ebazten dutela dio: «Kopuruetan egon liteke, batetik ala bestetik gehiago ala gutxiago bota; gatza, piperra… Egosi ere puntuan egin behar da, gehiegi gabe. Hestea gehiegi betetzen bada leher liteke, arrautzak bolumena hartzen duelako. Gehiegi irakinez gero, arrautzak gogortasuna hartzen du».
20 mondeju sorta aurkeztu zituzten lehiara, 16 herrikoak.
Arregi-Urbiztondo, gazta
Aralarko 20. Gazta Lehiaketa, berriz, Jon Arregi eta Martina Urbiztondo senar-emazteek irabazi dute, 16 gaztaren artean. Beaskinen dute txabola. Lazkaomendiko Aitor Iztueta, eta Uztegiko Pello Goikoetxea sailkatu dira bigarren-hirugarren.
Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok bertsotan jakinarazi zuten sarituen berri. Astazerra erakustaldian, enborretik ohola ateratzen aritu ziren, antzina legez.