Saturdik kunplitu du gonbidautza
Zaldibiako gaintxoan urteroko festa egin dute, Pazko astelehenean. Pello Aierbe eta Hodei Irazustabarrena omendu dituzte. Aizkora dema Nerea Sorondok irabazi dio Irati Astondoari. Herri bazkarian, 40 bat lagun.Festetan urtean behin gonbidatuak etxera e...
Zaldibiako gaintxoan urteroko festa egin dute, Pazko astelehenean. Pello Aierbe eta Hodei Irazustabarrena omendu dituzte. Aizkora dema Nerea Sorondok irabazi dio Irati Astondoari. Herri bazkarian, 40 bat lagun.
Festetan urtean behin gonbidatuak etxera ekartzeko ohitura zaharrari eutsiz, Zaldibiako Saturdi auzoak herenegun bete zuen usadioa. San Saturnino paraje zaharrean, zaldibiar eta bisitari mordoxka bildu da. Mezarekin hasi dute eguna, eta Iztueta taldekoek dantza saioa egin dute ondoren.Omenaldien tartean, auzoko edadetuen zerrendan, Agerreko Pello Aierbek izan du oroigarria hartzeko txanda. 67 urte ditu, eta zaharragoek denek jasoa dute lehendik. Auzoan jaiotako azken haurrari ere ongietorria egin diote, opari batekin. Otseitzako Hodei Irazustabarrena Mujika martxoaren 14an jaio zen; iaztik Saturdin jaio den ume bakarra da.
Urte askoan Saturdiko festa antolatzen lan mardula egindako Agerreko Josetxo Mendizabali ere oroigarri bat eman diote, ezustean, esker onez.
Ume jolasekin, toka txapelketarekin (Bittor Aiestaranek irabazi du, 3 jota), eta erromeriarekin hornitu dute eguartea. Oihana Iguaran eta Eneko Lazkoz ziren bertsotan; Izer eta Alabier trikiti-panderoak jotzen. Lehiaketa bitxia egin dute: ontzian zenbat babarruna zegoen asmatzea. Arantxa Etxeberria ibili da gertuen, eta saria hark jaso du.
Herri bazkaria Josetxoren garajean egin dute, haize bortitzak karpa jartzea eragotzi du eta. Berrogei-bat lagun elkartu dira.
Nerea Sorondo garaile
Arratsaldean, ohiko herri kirol erakustaldian, Irati Astondoa zeanuriarra eta Nerea Sorondo beratarra ziren aizkoran. Launa enbor ebaki zituzten; bi kanaerdikoak, eta bi txikiagoak. Sorondo nagusitu da, alde pixka batekin.
Xabier Aranburu Guzta harri jasotzaile idiazabaldarrak erakustaldia egin du, Gorostidi probarako prestakuntza modura.