Nik 36 urte ditut eta txiki-txikitatik Amundarain errekan arrantza egin izan dut, gure adineko jende gehienak bezala. Urteak pasa ahala, inguruko gehienek afizio hau galdu dute hainbat arrazoi direla eta: amuarrainen gutxitzea, legedia zorroztea…
Oria ibaian eta bere ibaiadar gehienetan aritu izan naiz arrantzan, eta nire ustez amuarrainen populazioa eta duten tamaina nabarmen jaitsi da. Honen arrazoia ez dakit klima aldaketa bezain kontzeptu orokor bati edo ingurumen kudeaketa txar bati dagokion, baina gero eta arrain nahiz arrantzale gutxiago dabiltza gure erreketan.
Presak suntsitzeak uholdeak ekidingo ditu, baina amuarrainen babesleku galera ere ekarri du. Putzu sakonetan lertxun nahiz kormoranek nekezago harrapatzen baitituzte amuarrainak (300 bat gramo eguneko) eta hauek bai ugaldu direla Oria eta inguruko erreketan. Hau gutxi balitz bezala, ortzadar amuarrainak erabiliz, hil gabeko arrantza tarteak sortu dituzte bertako amuarrainen habitataren galtzea eraginez.
Azken bi edo hiru urteetan arrantzaleoi amu eta arrantza teknikak aldarazi dizkigute hil gabeko arrantzaruntz, amuarrain kopuruaren galeraren erantzule bagina bezala. Arrantzaren etorkizuna bermatzeko bada, ondo (honetan denok ados egongo garelakoan nago). Baina, aurten beste pauso bat harago joan dira arrantza debekatutako lekuetan, bedatuetan, hil gabeko arrantza arautuz. Honek zertan laguntzen dio amuarrain populazioari? Herri barruetan (Ataunen, Zaldibian eta abar) arrantza debekatutako tarteetan, bi erreka hauetako amuarrain kopuru eta tamaina handieneko kontzentrazio lekuetan, arrantza egitea baimentzeak amuarrainei kaltea bakarrik ekarriko dietelakoan nago.
1988. urteko arrantza-baimena daukat gordeta eta, Instituto Nacional para la Conservación de la Naturalezak igorritakoa dela jartzen du. 2018. urtean, kontserbazio irizpideak hauek badira, nekez aterako dute gure seme-alabek 2038an arrantzarako lizentziarik edota amuarrainik uretatik.
Besterik gabe, norberak bere ondorioak atera ditzala.
– Aitor Jauregi Oiartzabal (Zaldibia)