Gipuzkoako hondakinen kudeaketa
Andoni Sarriegi Eskisabel
Beharbada jakinaren gainean egongo zara, Gipuzkoan, hondakinen kudeaketaz Foru Aldundiak hartutako azken erabakien inguruan, Donostialdean GuraSos elkartea sortua dela. Talde horrek, gai horretaz Foru Aldundiarekin gaia eztabaidatu eta Plan bat adostea izan du beti helburu, baina Foru Aldundiak ez dio ezer iradokitzen ere utzi, dena erabakita omen dago-eta.
Jarrera horren ondoren, hainbat agerpen eta manifestazio ere egin ditu Donostialdean. Europako zuzentarauen arabera, ezein lurraldek, hondakinen tratamendurako Planak egin behar ditu, baina Plan horiek egitean herritarrez osatutako Batzordeen edo Taldeen eraketak ere bere kudeaketaren barnean onartu behar ditu. Gipuzkoan nonbait, ofizialki indarrean egon den lehengo Plana 2016an-edo iraungia da eta 2017-2030 eperako Osotasunezko Plana idazteke dago. Plan horretan derrigorrezkoa da Herritarren Parte-Hartzea bermatzea eta halakorik ez du egin Foru Aldundiak.
Hori dela-eta, GuraSos elkarteak Hitzartu izeneko herri-ekimen bat jarri du abian bere berme-batzorde eta guzti eta, helburua, Foru Aldundiari Hondakinen Osotasunezko Plana herritarren parte-hartzearekin eginaraztea da.
Horretarako lege-bideak jorratu behar dira azken muturreraino eta horrek gastua du. Gauzak behar bezala egiteko, espezialisten nahiz legelarien lanetarako aurrekontua ere bertan agertzen da: 80.000 €. Diputazioak gai horretan gure dirutik eta guri hitzik ateratzen utzi gabe gastatu-asmo dituenekin konparatuta, ia deus ez.
Informatu eta eman gaiari duen garrantzia. Kutsadurak ez dira 10 km-ko edo 20 km-ko erradiodunak soilik. Urrunago bizi garenok ere agian kutsatutako sagardoa edan beharko dugu Beterriko sagardoegietan, edota beste edozer gauza gutxien uste dugunean.
Esnatu herritar kontzientzia eta, ondo irudituz gero, babestu Hitzartu ekimena. Nire ustez ezinbestekoa da. GuraSos-eko kideei entzutea besterik ez dago. Eta parte hartu haiek antolatutako mugimenduetan.
Hortik aurrera zurea da iritzia eta hitza, baina ura joanda gero alferrik da presa egiten hastea.
Zabaldu ekimen hau zure inguruko ezagun, familiako, auzoko, herriko eta inguruko gipuzkoarren artean. Osasun kontuak eta diru-kontu erraldoiak tarteko direnean, gipuzkoarrok erabaki behar dugu gauzak nola egin behar diren eta ez lau urterako dauden lau hautetsik.