Festak ospatuko dituzte Ataungo San Martin auzoan gaurtik eta Araman bihartik aurrera. Gaztaina eta txakolin dastatzeak Araman. Mondeju lehiaketa eta azoka jaian, Ataunen
Araman danbolinak martxan, gaztaina janerako prestatze lanetan.
San Martin jaiak ospatuko dituzte Ataunen eta Araman. Ataunen gaur hasiko da egitaraua, igandera arte; Araman, bihar.
Ataungo Festa Batzordea irailetik aritu da lanean, ostegunero. «Herri osoarentzat egitarau oparoa egiten saiatu gara, ekitaldi xumeak badira ere». Adin eta aniztasun handiko taldea da: gurasoak, elkarteetako ordezkariak edota gazteak aritu dira; «aurten ikusiko da emaitza», diote.
Ekitaldi batzuk ohitura bihurtu dira, «ondo funtzionatzen dutelako». Gaurko patata-tortilla lehiaketa da bat. Geroko ikuskizuna indartu dute, herritar asko gelditzen direlako afaltzen.
Ostiralak kuadrillena izaten jarraituko du. San Martin larunbata da, eta jubilatuek beren eguna izango dute, bazkari eta guzti. Haurrena aldatu dute aurten, denak berean ez pilatzeko.
Pilota partidak berritasun
Pilotak pisu handia izango du, Ataungo Pilota Elkarteko kideek aktiboki parte hartu dutelako. Jaietan aspaldian ez bezala, profesionalen partidak jokatuko dira, bihar, Auzoetan (22:00, ETB1en zuzenean). Artola-Larunbe eta Arteaga II.a-Albisu ariko dira estelarrean. Aurrena, Arretxe II.a-Etxegoin eta Bakaikoa-Erasun. Asegarcek osatu du jaialdia. Sarrera 20 euro da (haurrek 12). Aurrez, 2 euro gutxiago.
Jaian, Eneko Labaka-Beñat Garmendia eta Iraitz Zubizarreta-Ibai Arratibel afizionatuak, eta Josu Etxeberria-Ander Garmendia eta Beñat Senar-Arkaitz Baztarrika jubenilak ariko dira.
Mondejuak eta azoka jaian
Musika kontzertuak ostiralean eta larunbatean daude. Skakeitanek joko du zapatuan, eta gaueko autobus zerbitzu berezia egongo da Goierritik.
Igande eguerdian, 8. Ataungo Mondeju Lehiaketa egingo da, Jentilbaratzak antolatuta eta tradizioa mantentzeko helburuz. Izena gaurko eman behar da (649 011 292 edo 686 892 507). Lau kana mondeju igandean 11:00etarako eraman behar dira, egosita eta saldarekin, karpara. 12:30ean hasiko da epaimahaia.
Eguartea osatzeko, herri azoka jarriko dute 12 ekoizlek, bigarren urtez, denak ataundarrak. Gazta, artisautza, eskulanak, barazkiak, olioa, larrua… egongo dira.
Batzordeak arreta berezia eman nahi dio larunbat arratsaldeko mozorro festari. «Kalejira herri afariari lotu ohi zaio, eta giro polita sortzen da». Sagardo dastatzea ere egingo da.
Araman, bihartik aurrera
Pasa den astebukaeran ere San Martin jaiekin lotuta hainbat ekitaldi izan bazituzten ere, bihar, San Martin bezperan botako dute Araman jaietako hasierako suziria. Jaiak hasi eta igandera bitarte, berrikuntzaren bat edo beste ekarriko duen ekintza egitarau betea prestatu dute.
Aguazilak, 20:00etan puntuan botako du suziria, herriko plazan, eta jarraian, gaztaina jan herrikoia egingo dute. Ohitura oso zaharra da Araman gaztaina jana egitea. Orain dela bi urtera arte, Pagosan erretzen bazituzten ere, Legorretan eta Olaberrian egiten duten moduan, herriko plazan egiten hasi ziren. Horretarako lau danbolin erraldoi eraiki zituzten. Aurten 300 kilo gaztaina erreko dituzte, gerturatzen diren guztien artean banatzeko.
Berrikuntzei dagokienez, iganderako, 12:30ean, txakolin dastaketa antolatu dute. Bost txakolin etxe egongo dira aukeran eta jatekoa ere egongo da.
Aramako egitaraua
Ostirala
· 17:00. Haur jolasak.
· 20:00. Txupinazoa.
· 20:30. Gaztaina jana.
· 21:00. Iratzar musika taldea.
Larunbata
· 11:00. Meza.
· 12:00. Hamaiketakoa, elkartean.
· 13:00. Toka txapelketa.
· 15:00-20:00. Puzgarriak.
· 16:30. Mus txapelketa.
· 17:00. Seiko urre txapelketa.
· 20:00. Bide Batez taldearekin mozorrotuen dantzaldia.
· 21:30. Afaria (ogitartekoak).
· 23:30. Bide Batez taldea.
Igandea
· 11:00. Meza.
· 12:00. Buruhandiak.
· 12:30. Txakolin dastaketa.
· 17:00. Gorritiren bigantxak.
· 19:00. Patata-tortilla lehiaketa.
· 20:00. Festa bukaerako suziria.
Ataungo egitaraua
Gaur
· 17:00. Haurren txupinazoa. Ondoren, txokolatea, buruhandiak, aurpegi margotzea.
· 18:00. ‘Molto’ motoekin eta patineteekin lasterketa.
· 19:00. Patata-tortilla lehiaketa.
· 21:00. Afaria, karpan: tortillak eta norberak ekarriak.
· 21:30. Kidam Magic-en magia ikuskizuna.
Ostirala, kuadrillen eguna
· 11:00. Kontukantoi ipuin kontalaria eta ilustratzailea, karpan.
· 13:00. Kuadrillen txikiteoa.
· 14:30. Kuadrillen bazkaria.
· 15:30. Haurren jolas-parkea.
· 17:00. Buruhandiak.
· 19:00. ‘Ataun dantzan’, euskal dantzen saioa.
· 20:00. Inguma taldea, Oargin.
· 22:00. Profesionalen pilota partidak, Auzoetan (ETB1en zuzen.).
· 23:30. Fan&Go eta Gatazka taldeen kontzertua.
Larunbata, San Martin Eguna
· Goizean. Herriko txistulariak.
· 11:00. Toka txapelketa, 15 urte artekoentzat. Aizkoaten.
· 11:30. Salda eta hamaiketakoa, karpan.
· 12:00. Helduen toka txapelketa, Aizkoaten.
· 12:30. Artzain txakur lehiaketa, karpa atzean.
· 14:30. Jubilatuen bazkaria, Bittor jatetxean.
· 14:30. Haurren bazkaria.
· 15:30. Eltzeitsuen jokoa.
· 16:00. Mus txapelketa, Aizkoate elkartean.
· 17:30. Mozorrotuen juntadizoa eta kalejira.
· 19:30. Sagardo probatzea.
· 20:30. Mozorroen sari banaketa.
· 21:30. Herri afaria eta helduen mozorroen sari banaketa.
· 00:00. Kontzertuak:?Skakeitan eta Ezten Giro taldeak.
Igandea
· Goizean. Txistularien goizeresia eta argazki rallyko lanak ikusgai
· 11:00-14:00. Herriko azoka.
· 12:00. Kantu-poteoa.
· 12:30. Ataungo VIII. Mondeju Lehiaketa eta pintxo banaketa. Tartean, marrazki eta ipuin lehiaketako sari ematea.
· 17:00. Otsoak dantza taldea.
· 18:30. Pilota partidak, jubenilak eta afizionatuak.
· 19:00. Festa bukaerako askaria.