Renfek irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu Beasaingo geltokian, bi igogailu jarrita. Lanek zortzi hilabeteko iraupena eta 650.000 euroko kostua izan dute. Ordiziako geltokian ere igogailua jarriko dute
Beasaingo tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko lanak bukatu dituzte dagoeneko. Bi nasak lotuko dituzten bi igogailu egin dituzte, eta nasak handitu eta markesina ere berritu dute. Ezgaitasunak edo mugikortasun arazoak dituzten bidaiariei begira egin dituzte lan horiek. Renfek 650.000 euroko inbertsioa egin du, eta lanak zortzi hilabeteren buruan bukatu dituzte.
Orain arte, azpiko pasabide baten bidez zeuden lotuta bi norantzetako nasak, eta horietara, eskaileretatik bakarrik jaitsi zitekeen. Hemendik aurrera, igogailuz jaitsi ahal izango da pasabide horretara. Igogailuak jartzearekin batera, labainkorra ez den zoladura jarri dute, eta barandak eta argiztapena berritu.
Trenbideen nasak ere handitu dituzte 160 metroko zatian, errailaren gainean 68 zentimetroko altuera hartu arte. Nasetan ere, ez labaintzeko zoladura berezia jarri dute, baita segurtasuna bermatzeko ertz elementu egokiak ere. Azkenik, 2. eta 4. nasen arteko markesina eta haren argiteria ere hobetu dituzte.
2.200 bidaiari egunero
Beasaingo tren geltokia, Irun-Brinkola aldiriko lineako bosgarren geltoki nagusia da, egunero jasotzen duen bidaiari kopuruari dagokionean. Izan ere, 2.200 bidari pasatzen dira egunero bertatik. Tren kopuruari dagokionean, aldiriko 76 trenek eta Civis motako 11 tren zuzenek egiten dute egunero geldialdia Beasainen.
Ordizian igogailua
Beasaingoa ez da berrikuntza lanak izango dituen geltoki bakarra. Ordiziakoan ere igogailua egingo dute, irisgarritasuna hobetze aldera. Adif-ek idatzia du proiektua eta Ordiziako Udalarekin harremanetan dago, proiektua lehiaketara atera eta lana esleitzeko.