Beasaingo Udalak eta Beasain Kirol Fundazioak argitaratu dituzte 2017ko Kirol Sarien oinarriak. Ohi bezala, Beasain Kirol Fundazioak eta harekin hitzarmena duten kirol elkarteek proposatuko dituzte zortzi sarietarako hautagaiak; aurten ordea, berrikunt...
Beasaingo Udalak eta Beasain Kirol Fundazioak argitaratu dituzte 2017ko Kirol Sarien oinarriak. Ohi bezala, Beasain Kirol Fundazioak eta harekin hitzarmena duten kirol elkarteek proposatuko dituzte zortzi sarietarako hautagaiak; aurten ordea, berrikuntza nabarmen bat izango da: Beasaingo albisteak lantzen dituzten lau komunikabideetako kazetariek osatuko dute epaimahaia.
Beasain Kirol Fundazioak eta Udalak, herrian kirol alorreko jarduera bultzatzen duten kirolari, talde eta pertsonei ematen dizkiete sari horiek. Sarien truke ez dute ordain ekonomikorik ematen; izan ere, pertsona edo talde horiek egindako lana jendaurrean goraipatzea da helburua.
Guztira zortzi atal izango dituzte Beasain Kirol Sariek. Emakumezko eta gizonezko kirolari onena, emakumezko eta gizonezko kirol taldeen sariak, kirol elkarteari eta erakunde babesleari emandakoa, kirol jardunaldi onenarena eta kirol ibilbidea sarituko duena. Horien denen artetik, sari nagusi bat ere banatuko dute; irabazleari, plaka bat jarriko diote Antzizar kiroldegian.
Epaimahaia, Goierriko Hitza, Goierri Telebista, Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietako kazetari banak osatuko dute. Sariak, urte bukaeran egingo duten ekitaldian banatuko dituzte.