Leire Garaia-Olatz Ruiz de Larramendi, Arrate Bergara-Miriam Arrillagaren aurka lehiatuko dira. Bigarren partidan, berriz, Jon Ander Albisu ataundarrak jokatuko du.
Jon Ander Albisu./Asegarce
Goi mailako bigarren pilota jaialdia izango da bihar, 17:15ean, Beasaingo Antzizar Kiroldegian. Emakumezkoen esku pilota partidarekin hasiko da jaialdia: Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi, Arrate Bergararen eta Miriam Arrillagaren aurka lehiatuko dira. Bigarren partida, gizonezkoen bikotekakoa izango da: Arteaga II.ak eta Ladis Galarzak, Peña II.aren eta Jon Ander Albisu ataundarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Hirugarren eta azken partida, Lau t’erdiko San Fermin txapelketako kanporaketakoa izango da: Oinatz Bengoetxea eta Unai Laso nafarrak ariko dira buruz buru. Final zortzirenetako kanporaketa da Beasaingoa eta ETB-k eskainiko du. Aurreko ostiralean Antzizar Kiroldegian jokatutako bi kanporaketetan, Iker Irribarriak eta Danel Elezkanok lortu zuten aurrera egitea.
Zubizarreta-Garmendia
Bestalde, Iraitz Zubizarreta ataundarrak eta Beñat Garmendia beasaindarrak irabazi dute etorkizuneko III. ETB txapelketa, Zumarragako finala Jon Alberdiri eta Jon Mariezkurrenari 15-22 irabazita.