Xabier Sarasola beasaindar musikaria eta konpositorea Japoniara joango da uztailaren 24tik abuztuaren 2ra bitartean. Bere hainbat kantu abestuko dituzte Tokioko abesbatza lehiaketan.Zertara zoaz Japoniara?Abesbatzen nazioarteko lehiaketa bat antolatatu...
Xabier Sarasola musikari eta konpositore beasaindarra Japoniara joango da uztailaren 24tik abuztuaren 2ra bitartean. Bere hainbat kantu abestuko dituzte Tokioko abesbatza lehiaketan.
Zertara zoaz Japoniara?
Abesbatzen nazioarteko lehiaketa bat antolatatu dute Tokion. Lehiaketa horretan nire hainbat obra kantatu behar dituzte Mulberri Chamber Choir abesbatza mistoak eta Odawara Children Choir haur abesbatzak, eta nik zuzentzea nahi dute. Gauza kuriosoa gertatu behar da, gainera: epaimahaian Hondarribiko Javi Busto egongo da. Bestetik, Txekiar Errepublikako Ondrasek nesken abesbatzarekin ere harremana badut eta Japoniara doazenez, Japoniako taldeekin batera kontzertuak emango ditugu.
Zure zein kantu abestuko dituzte?
Sei izango dira guztira:
Jutus ut palma florebit, Pater noster, Ave Maria, Lau euskal abesti eta Mendian gora. Asko abesten dute
Mendian gora abestia.
Nolatan daukazu harremana Japoniako bi talde horiekin?
Aurretik ere beste bi urtetan izanda nago Japonian. Haruko Kuwabara zuzendaria Londresen bizi da eta Tolosako abesbatza lehiaketara etortzen hasi zen. Nire musika ezagutu zuen disko baten bidez eta eskatu zidan ea zerbait idatziko nion. Idatzi nion, gustatu zitzaion eta joateko esan zidan…
Zein motatako musika konposatzen diezu?
Latinezko pieza bat egin nien lehenengo, abesbatzak 50. urteurrena betetzen zuela eta. Gero, abesbatza mistorako idazteko ere esan zidan. Zein hizkuntzatan nahi zuen galdetu nion eta euskaraz idazteko esan zidan. Orduan Mikel Sarriegik egin zidan lau elementuei buruzko testu bat eta asko kantatzen dute.
Zer moduz moldatzen dira euskararekin? Zer moduz ahoskatzen dute euskara?
Umeen abesbatzarekin izan nuen lehenengo harremana hauxe izan zen: uniformea jantzi zuten, entsaiatzeko uniformea janzten baitute, eta eserita jarri ziren niri begira. Euskaraz kantatzen hasi ziren eta hitz bat ere ez zuten gaizki esan. Ahoskera? Goierrikoa. Inpresioa egiten du. Dena buruz ikasten dute, paperik gabe kantatzen dute. Beste mundu bat da.
Eta zer moduz moldatzen zara japoniarrekin? Zuk zeuk ikasi al duzu japoniarrez?
Ezta batere! Sekulako miresmena sortzen dute. Hierarkiak asko errespetatzen dituzte orokorrean. Orduan, hara eramaten bazaituzte… izugarria da. Beraientzat ikaragarria naiz. Baina kalean ere giro berdina sumatzen da. Hoteletan, jatetxeetan… berdin da. Errespetu handia dago bestearekiko. Arreta handia deitzen dit horrek.
Zer moduzkoa da Japoniako abesbatzen maila?
Badakizu japoniarrek lanean zer nolako fama duten ezta? Ba, abesbatzan ere berdinak dira. Bi orduko entsegua egin ondoren, hobetu daitekeela eta gehiago entseatu nahi izaten dute. Izugarrizko gogoa daukate gauzak ondo egiteko. Oso abesbatza onak daude, oso maila altukoak dira.
Eta Txekiar Errepublikako abesbatzaz zer diozu?
Haruko Kuwabara zuzendaria Txekian ere ibiltzen da abesbatzen aholkulari. Ondrasek izeneko nesken abesbatzarekin daukat harremana. Datorren urtean Tolosako abesbatza lehiaketara etortzekoak dira. Nire kantak abesten dituzte.