Memoria Historikoaren Taldeak antolatuta, bihar, 19:00etan, fusilatuen monumentuan egingo dute ekitaldia. 17:30ean, Irakurle Taldearen saioa dago
1936ko uztailaren 27 eta 28 bitarteko goizaldean faxistek hildako 35 lagunak gogoan izateko eta omentzeko eguna izango da bihar, 19:00etatik aurrera. Fusilatuen monumentuan izango da 82. urteurreneko ekitaldia, Beasaingo Memoria Historikoaren Taldeak antolatuta.
Ekitaldiaren aurkezpenaren ondoren, irakurketa taldekoen errezitaldia izango da, olerkiak, bertsoak… Ondoren, 36ko gerraren inguruko historia laburra, musika eta dantzarien agurra izango dira. Jarraian, fusilatuen, eraildakoen nahiz gerraren zeharkako eraginez hildakoen izen-deituren irakurketa egingo dute musikak lagunduta. Lore eta kandela eskaintzarekin eta azken agur hitzekin amaituko da ekitaldia.
Irakurle Taldea aurretik
Beasaingo Irakurle Taldeak ere bat egingo du biharko ekitaldiarekin: 17:30ean, Igartzako jauregian, Xabier Mendiguren beasaindarraren liburuaz solasaldia egingo dute, idazlea bertan dela.