565.943 euroko udal aurrekontua onartu du. Inbertsio nagusia sukaldea-jantokiak berritzea da. Auzolanean ere ari dira
Gabiriako Udalak 565.943 euroko udal aurrekontua dauka 2017rako. Martxoaren 27ko osoko bilkuran onartu zuen Udalbatzak. Inbertsio nagusia, herriko Ostatua berritzea eta ostalari berriak aukeratzeko prozesua burutzea izango da; oraingoek ekainaren bukaeran utziko dute.
Hain justu, udalbatzar berean onartu zuten Ostaturako kontratazio espedientea prestatzea ere. Apirilaren 12an argitaratu zen esleipen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Ostiralean amaituko da eskaintzak aurkezteko epea, udaletxean (09:00-15:00). Kontratuaren gutxieneko kanona, hilabeteko 400 euro da (BEZa aparte). Lizitatzaileek kopuru hori gorantz hobetu ahalko dute, lehiaketan.
Inbertsio modura Ostatuko obrak aurreikusita daude aurrekontuan. Beste jarduerak, diru laguntzen menpe geratu dira. Aztiriko tabernara irisgarritasuna hobetzea da proiektu bat.
Jangela eta sukaldea
Ostatuan sukaldea eta jantoki nagusia berritu beharra dagoela esan du udalak. Obrak egingo dituzte han, ostalari berriak sartu aurretik.
Horrez gain, auzolanean ere beste lan batzuk egiten hasi dira. Apirilaren 15ean hasi, eta larunbatero goizetan (08:00-12:00) segiko dute herritarrek, margoketa eta garbiketa lanekin.