Gabirian, horman gora
Boulder edo horma baxuetako eskalada txapelketa jokatuko dute bihar, lehenengo aldiz. Herri gunean sei bloke prestatu dituzte. Edozeinentzat irekia da, 18 urtetik gora. Afizioa badagoGabirian boulder eskalada txapelketa herrikoia antolatu dute, lehenen...
Boulder edo horma baxuetako eskalada txapelketa jokatuko dute bihar, lehenengo aldiz. Herri gunean sei bloke prestatu dituzte. Edozeinentzat irekia da, 18 urtetik gora. Afizioa badago
Gabirian boulder eskalada txapelketa herrikoia antolatu dute, lehenengo aldiz. Bihar jokatuko da, herri gunean, Leharrei mendi lasterketa girotzeko —etzi da—. Izen-ematea 17:30ean irekiko dute, eta eskalada proba 18:00etan hasiko da. Doan da. Gabiriarrek nahiz kanpotarrek parte har dezakete, 18 urtetik gora badituzte.Kaskoko eraikinetan sei bide edo bloke zehaztu dituzte, lehiaketarako. Partaideek horiek gainditzen saiatu beharko dute. Bloke bakoitzean hiru saiakera egin ahalko dira; ez dago guztiak segidan egin beharrik. Egindako lanaren arabera, puntuazioa emango diote: lehen saiakeran eginez gero 4 puntu, bigarrenean 2 eta hirugarrenean bat. Sei blokeen puntuazioa batuta, gehien duenak irabaziko du.
Altuera txikiko hormetan egingo dituzte eskalatze saioak. Zailtasun desberdinekoak jarri dituzte. Balentzategi eskolako paretetan hiru bide egin beharko dira, udaletxeko arkupeetan bi, eta haur jolas-parkean bat.
Irekia baina ibilitakoentzat
«Denentzako moduko lehiaketa modura planteatu dugu. Azken blokeak zailtxeagoak jartzea zen asmoa; baina denak ere ez dira hain errazak geratu. Lehen blokea erraza da, edozeinek egiteko modukoa. Baina besteek gutxieneko eskakizun bat eskatzen dute, eta teknika pixka bat beharko da, gehien bat hankak jartzen», dio antolakuntza taldeko Iban Maizek.
Partaideei kantu-hanka oinetako bereziak eramateko eskatu diete, nahiz eta antolatzaileek batzuk izango dituzten. Euria egiten badu, edo hormak bustita baldin badaude, ez da jokatuko.
Lehen gizonezkoak eta emakumezkoak jasoko dute saria: Leharreiko kamiseta bana, botila bana ardo, eta eskaladako materiala: magnesioa, magnesio-zorrotxoa eta mosketoia.
Eskalada herrian ezagutarazteko, eta gazteen artean zaletasun handia duen kirola egiteko helburua ditu boulder txapelketak. «Gabirian 10-12 bat gazte ibiltzen gara eskaladan. Edozein txoko eta horma erabilgarri izan daitezkeela erakutsi nahi dugu».