Urte txarrean ere oparo
Gabiriako errezil sagarrak neurri altua eman du, uzta kaskarra izan arren, kopuruz zein kalitatez. Salmenta onak izan dira, eta estimua adierazi zaio errezilari, beste behin. Proiektuak badiraEkoizleen eta eroslegaien arteko lotune-plazaren izaera send...
Gabiriako errezil sagarrak neurri altua eman du, uzta kaskarra izan arren, kopuruz zein kalitatez. Salmenta onak izan dira, eta estimua adierazi zaio errezilari, beste behin. Proiektuak badira
Ekoizleen eta eroslegaien arteko lotune-plazaren izaera sendotzen ari da Gabiriako Errezil Sagar Eguna, urteen joanean. Igandean ospatu zuten 18. lehiaketa eta azoka, eta, salmenten erritmoa, erosleen estimua eta emaitza ikusirik —eramandako guztia saldu zuten baserritar batzuek—, potentzialtasunaren neurgailu bikaina izan da.Euri itxura eta haize fin erasokorra izan arren, bisitari asko bildu zen igande goizean Gabiriako plazan. Azokan 13 postu jarri zituzte herriko baserritarrek; errezil sagar lehiaketan 9 lehiakide, sagar goxotan beste 15, eta Goierri Beheko 20. Ezti Lehiaketan zortzi partaide ziren uztaren erakusle. Zailtasunak zailtasun, lan onaren fruitua erakutsi dute.
Sagar uzta erdipurdikoa izan da 2018koa, iazko emanaren ondotik. Sagastiak teknika berriekin zaintzen dituztenek, mahai sagar bikainak lor litezkeela erakutsi dute. Lehiaketan, puntuaziorik altuena, hain justu, Izarraundi baserriko Juan Muruak eta Kataraingo Pedro Iztuetak jaso zuten. Iaz ere sarituak zirenez, ez dute saririk jaso.
Bederatzi baserrik parte hartu dute errezil sagar lehiaketan. Saldu, erruz eta erraz egin dute. Azokan, oro har, gustura ziren baserritarrak. Kiloka eraman du jendeak sagarra; gozo, tarta eta bestelako janariak erosita ere, poltsadun asko itzuli zen.
Bezeroen artean txartelak banatuta, zozketa egin zuten. 1089 zenbakia atera zen zortedun, eta jabea berehala agertu zen.
Josu Osa inausketan aditua, Jakoba Errekondo paisajista eta Lontxo Ormazabal sukaldaria (gurinez eta azukrez konpota berezia egin zuen) aritu dira.
Ezti onena, Segurakoa
Goierri Beheko ezti lehiaketan, zortzi lagunek eraman dituzte bina poto. Segurako Ageda Zeberiok jaso du lehenengo saria. Lehen aldiz, lehiaketara aurkeztutako eztiak jendeak dastatu ahal izan zituen, eta baita iritzia eman ere. Dastaketa herrikoiko saria Josu Txintxurreta beasaindarrak jaso du. Zozketan Xabier Telleria atera da saridun (354).
Haurrek ere argizariz kandelak egiten parte hartu dute.
Proiektu bat gorpuzten
Errezil sagarraren sustapenean buru ari den Erbie elkarteak beste proiektu bat ere badu, esku artean. Gabino Muruak aurreratu duenez, «bertako sagar landareak sortu» nahi dituzte, oraingo mentuak hartuta. Udazken honetan aurkeztuko dute.