Mausitxakoa gaztarik onena
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkatutako 40 artzai gazta lehiatu dira. Orain dela 12 urte ere txapel bera jantzi zuten elgoibartarrekElgoibarko Mausitxa gaztandegiak irabazi du Euskal Herriko 34. Artzai Gazta txapelketan sari n...
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkatutako 40 artzai gazta lehiatu dira. Orain dela 12 urte ere txapel bera jantzi zuten elgoibartarrek
Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak irabazi du Euskal Herriko 34. Artzai Gazta txapelketan sari nagusia. Bigarrena Kortaria infernuko gaztarentzat (Baztan, Nafarroa) izan da eta Arabako Patxi Lopez de Uralderentzat berriz, hirugarrena. Publikoaren saria, aldiz, Nafarroako Antxonearentzat izan da. Txapelketa, Idiazabalgo Pilar-enea parkean egin zuten, larunbat goizean.Orain dela 12 urte irabazi zuten azkeneko aldiz Mausitxakoek Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketa, eta «oso pozik» zeuden jaso berri duten sariarekin. Izan ere, Gipuzkoa, Araba, Bizkai eta Nafarroako txapelketetan sailkatutako 40 gaztaren artean, onena izan baita beraiena. Txapelketara aurkeztutakoa «gazta oso ekilibratua» izan dela adierazi zuten elgoibartarrek.
Larunbatean goizean ekin zion epaimahaiak aurkeztutako gazten artean onena aukeratzeari. Gastronomiaren munduko aditu, kazetari eta sukaldariek osatu zuten epaimahaia, Artzain Gaztak gonbidatutako beste batzuekin batera. Guztira 29 lagun aritu ziren epaitze lanetan.
Gazta txapelketaren inguruan dastaketa herrikoia, gazta tailerra eta azoka ere antolatu zuten. Dastaketa herrikoitik atera zen publikoaren saria. Goiz osoan zehar, arropak, gazta, eztia, sagardoa eta beste hainbat produktu erosi eta dastatzeko aukera egon zen.
Aizpea gaztandegikoek ere Urbiako larreetatik trashumantzian igaro zuten Idiazabalgo herrigunea. Pilar-enea parkera iritsitakoan, geldialdia egin zuten eta bertsoa kantatu zieten.