Pasa den larunbatean egin zuten Txistularien Alardea, San Blas jaien ospakizunaren barruan. Aurten 25. urteurrena izan dute eta modu berezian ospatu nahi izan dute Birigarroa elkarteko kideek.
Iñaki Telleria idiazabaldarrak zuzendu zuen txistularien emanaldia. // Argazkiak: Jon Esnaola.
Esatea erraza bada ere, herri ekimen batek 25 urte betetzea ez da gauza makala. Eta horiek dira hain zuzen ere, Idiazabalgo alardeak bete dituenak. Urteurren hori ospatzeko, Birigarroa Txistularien Elkarteak ilusio bereziarekin antolatutako alardea egin zuten larunbatean arratsaldez, Zelaa kiroldegian, San Blas jaien barruan.
Idiazabalgo kultura egitarauaren barruan, garrantzi handia duen ekitaldia da txistularien alardea. Herritar asko eta asko izan ohi dira hilabeteetan prestatutako ikuskizuna galdu nahi ez dutenak. Aurten ere, aurrekoetan bezala, kiroldegia bete egin zen, 500dik gora pertsona inguru baitziren.
Joseba Iparragirre trikitilaria. // Jon Esnaola
Herriko kultur talde eta eragile gehienek parte hartu zuten; txistulariak, haur danborradakoak, abesbatzakoak, dantzariak, perkusionistak, kantujirako lagunak, herriko txalapartariak eta beste hainbat herritarrek ere parte hartu zuten. Joseba Iparragirre akordeoi-jotzailea eta Manuel Gomez gaita-jotzailea ere gonbidatu zituzten txistulariekin jotzera. 100dik gora artista igo ziren taula gainera.
Pregoilariak aurten
Idiazabaldarrak San blas jaiak berotzen hasi badira ere, datorren ostiralean, otsailak 2an, emango diete hasiera ofiziala festei. Urte hauetan guztietan, Idiazabalgo kulturgintzari egindako ekarpanagatik, Birigarroa Txitularien Elkartea izendatu dute pregoilari. Ostiralean 20:00 izango da pregoia, udaletxean.
Haurren danborrada
San Blas jaietako egitarauaren barruan azpimarratzeko beste ekitaldietako bat igande arratsaldez ateratzen den haurren danborrada da. 210 inguru haurrek parte hartu zuten, korporazio txiki eta konpainia desberdinetan banatuta.
Korporazio txikia ondorengoek osatu zuten: Ekhi Lopez eta Naroa Gurrutxaga alkate jaun-andere moduan; Unai Larrea eta Oier Alvarez zinegotzi karguan; Eñaut Alvarez kapitaina eta Ekhi Barandiaran jenerala.
Tradizioa handia duen ekimena da haurren danborrada. Aurtengoa, 33. edizioa izan da.