Izaro Rubio eta Oier Ariznabarreta izan dira azkarrenak Herri Krosean
Izaro Rubiok aurrez berak ezarritako marka ondu du. Nazaret Aierra eta Arkaitz Ruiz izan dira herritarren artean irabazleak. 525 helduk eta 317 haurrek parte hartu dute guztiraGoiz giro politarekin jokatu zuten igandean Idiazabalgo 38. Herri Krosa. Iza...
Izaro Rubiok aurrez berak ezarritako marka ondu du. Nazaret Aierra eta Arkaitz Ruiz izan dira herritarren artean irabazleak. 525 helduk eta 317 haurrek parte hartu dute guztira
Goiz giro politarekin jokatu zuten igandean Idiazabalgo 38. Herri Krosa. Izaro Rubio (38:38) ordiziarra eta Oier Ariznabarreta (32:22) durangarra izan ziren helmugan azkarrenak. Rubiok gainera, urte batzuk lehenago emakumezkoen kategorian berak ezarritako marka hobetzea lortu zuen.Txapeldunen atzetik sartu ziren helmugan mutiletan Aitor Mimenza elorrioarra iazko txapelduna, eta Gorka Satrustegi ordiziarra. Emakumezkoen artean Marisol Ramos ordiziarra izan zen bigarrena eta Irene Sanzberro irundarra hirugarrena. Idiazabaldarren artean azkarrenak Nazaret Aierra eta Arkaitz Ruiz izan ziren.
Ariznabarretaren erasoa
Lasterketa hasi bezain pronto jarri ziren lasterketaren buruan gerora podiuma osatu zuten hirurak: Ariznabarreta, Mimenza eta Satrustegi. Lehenengo bi itzulietan, hirurak elkarren ondoan joan ziren, lasterketako gainontzeko partaideekin aldea handituz.
Aurten ere Mimenza garaile izan zitekeela zirudien arren, azkeneko itzulian, elizaren ingurura iritsi zirenean, erasoa jo zuen Ariznabarretak eta atzean utzi zituen Mimenza eta Satrustegi, helmugara bakar-bakarrik sartuz. Mimenza 18 segundura sartu zen, eta 37 segundura hirugarrena, Satrustegi.
Marka haustea
Ez da berria Idiazabalgo Herri Krosa Izaro Rubiorentzat. Aurtengoarekin, hirugarren aldiz igo da podiumeko koska gorenera. Markarik onena ere berak ezarritakoa zen, eta aurtengoan 15 segundoan hobetzea lortu du. 38:53 minutukoa zen lehendik jarria zuen marka eta 38:38 egin zuen pasa den igandeko lasterketa. Sari banaketa ekitaldian, Rubiok adierazi zuen ez zuela espero marka ontzea, eta «oso pozik» agertu zen egindako denborarekin. Korrika egiteko zegoen «eguraldi bikaina eta ikusleen berotasuna» nabarmendu zituen ordiziarrak.
Ez zen izan ordea familiako korrikalari txapeldun bakarra igandekoan. Izan ere, Rubioren semea, Unax Gartzia, kadeteen kategorian lehenengo postuan sailkatu zen.
Balorazio positiboa
Goiz freskoa baina eguzkitsua izan zen igandekoa. Herri krosean parte hartu zuten askok esan zuten «korrika egiteko bikaina» zela giroa, eta antolakuntzako kideak ere «oso pozik» daude goizak emandako guztiarekin. 525 partaide izan zituen helduen probak eta 317 haurren herri krosak. Antolakuntzako Xabier Intsaustiren esanetan, «partaideen kopurua mantentzen» ari dira, eta «pozgarria da hori». Lasterketagatik Idiazabalera gerturatutako bisitariak ere asko izan ziren, eta festa giro polita izan zen San Blas jaietako lehenengo asteburu honetarako.