Ostiralean, 20:00etan irakurriko dute Birigarroa Txistularien Elkarteko kideek pregoia. Gaur hasi eta astelehenera bitarte egitarau bete-betea izango dute San Blasetan
Pasa den astebukaeran hasi ziren berotzen idiazabaldarrak San Blas jaiak. Herri krosa, haurren danborrada eta bestelako hainbat ekitaldi izan bazituzten ere, bihar ostirala emango diote hasiera ofiziala jaiei. 20:00etan irakurriko dute Birigarroa Txistularien elkarteko kideek pregoia eta ondoren Axariaren jaitsiera egingo dute.
Kandelaria egunarekin batera, mozorro eguna ere egingo dute bihar ostirala. Urtetik urtera, gero eta jende gehiago mozorrotzen da herrian. Kuadrilla asko eta askok asteak daramatzate egun horretarako mozo-rroak prestatzen. San Blas eguna, etzi larunbata izango da eta San Blas Txiki, berriz, igandean.
Gaur hasi eta datorren astelehenera bitarte, egitarau bete-betea izango dute Idiazalen: txapelketak, lasterketak, pilota partidak, bertsolariak, kontzertuak eta haurrentzako tailerrak izango dira, besteak beste.
Futbito txapelketa gaur
Orain dela urte asko hasi ziren San Blas jaien inguruan futbito txapelketa antolatzen. Xabi Sanchez antolakuntzako kidea da eta hark esan bezala «30 bat urte izango dira» futbito txapelketa antolatzen hasi zirela.
Azaroaren 5ean jokatu zuten lehenengo kanporaketa. Bost talde aritu dira lehian eta horietako bik jokatuko dute finala, gaur, 19:00etan hasita, kiroldegi ondoko futbito zelaian. Drink Team eta A.T.A taldeak ariko dira, buruz buru, txapela nork eraman.
Sari banaketaren ondoren, Urbitarte sagardotegian afaria egingo dute antolatzaile eta txapelketan parte hartutako guztiek. 50 bat pertsona elkartzea espero dute. Antolakuntzak, herritar guztiei luzatu die gonbitea, bi taldeak animatzera joateko.
Txirrindularitza etzi
San Blas jaien egitarauaren barruan historia handia duen beste ekintzetako bat txirrindularitza proba da. Larunbat goizean egingi dute eta haurrak eta helduak aterako dira, txanda desberdinetan. 11:00etan txikienak aterako dira. Parte hartzeko izen emate epea zabalik dago jada. Ikastetxean bertan haurrek jaso duten oharraren bidez egin dezakete, edota egunean bertan izena emanda. Helduak, berriz, 12:00etan aterako dira. Proba herrikoia denez, federatuek ezingo dute parte hartu.
Bertso saioa
Igandean, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak herriko plazan izango dira 13:00etatik aurrera. Ondoren bertso bazkaria egingo dute Xume tabernan. Bazkarira joateko Xume tabernan galdetu beharko dute interesa dutenek.
Birigarroena da aurten pregoia
Abesbatzakoei erreleboa hartuta, Birigarroa Txistularien Elkarteak irakurriko du pregoia, bihar 20:00etan. Urte hauetan guztietan, herriko kulturgintzari egindako ekarpenagatik dira pregoilariak.
Pasa den astebukaeran alardea egin ondoren, egunotan ere txistuaren hotsa entzungo da Idiazabalen. Izan ere, larunbatean, San Blas egunean, kalejira egingo dute, 10:00etan.
Egitaraua
Gaur
· 19:00. Futbito txapelketako finala.
Bihar, ostirala
Kandelaria eta Mozorro eguna.
· 11:00. Kaleko marrazketa txapelketa gaztetxoentzat.
· 17:00. Haurren playbacka
· Ondoren. Haurrentzako txokolate jana plazan.
· 18:00. Ohiko kanpai bueltakoa eta kandelen bedeinkazioa.
· 20:00. Birigarroa txistulari taldearen pregoia eta Axariaren jaitsiera.
· Ondoren. Burrunba elektrotxaranga.
· 21:30. Herri afaria plazan.
· Ondoren. Kuadrillek antolatutako jolasak.
· 00:00. Kontzertuak Friday’s Crew eta Skakeitan taldeen eskutik.
Otsailak 3, Larunbata
San Blas eguna.
· 10:00. Txistulari kalejira.
· 11:00. Meza nagusia. Bittoriano Telleria organistak konposatutako Euskal Meza (50 urte beteko dituena) eskainiko du abesbatzak.
· 12:00. 29. Herriko txirrindulari lasterketa (11:00etan haurrena).
· 17:00. Izarretan Dantzan ikasleen erakustaldia, plazan.
· 18:00. Profesionalen eskuzko pilota partidak: Urrutikoetxea-Untoria / Altuna III.a-Martija. Agirre-Iturriaga / Ugalde-Erostarbe.
· 18:30. Berbena Drindots taldearekin.
· 23:30. Berbena Drindotsekin eta kontzertua Idiazabalgo Hell Riders taldearekin.
Otsailak 4, igandea
San Blas txiki eguna.
· 10:00. Gipuzkoa mailako bolo txapelketa.
· 10:30. III. San Blas toka txapelketa, jubilatu elkarteak antolatuta.
· 12:00. Hamaiketakoa plazan.
· 13:00. Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak, plazan.
· 14:30. Bertso bazkaria, Xumen.
· 17:00. Euskal dantza emanaldia Igarondo pilotalekuan.
· 19:00. Erromeria: Joselu Anaiak.
· 20:30. Santa Ageda bezperako koplak. Herrian zehar aritu ondoren plazan amaituko da.
· 20:30. Axari igoera.
Otsailak 5, astelehena
· 10:00-13:00. Haur parkea, Zelaako kiroldegian.
· 11:00-13:00. Haurrentzako tailerrak eta nerabeentzat jokoak, eskolako jolastokian.
· 13:00. Kale marrazketa txapelketako sari banaketa.
· 16:00-20:00. Haur parkea, Zelaako kiroldegian.