Idiazabalgo Arantxa mertzeriak 40 urte bete ditu aurten. Arantxa Eziolatzak ireki zuen eta bere alaba Belen Goiak du orain dendaren ardura, nahiz eta amak ere oraindik konpainia egin.
Duela 40 urte ireki zuen Idiazabalen Arantxa Eziolatzak eliza parean bere izen berbera daraman mertzeria. Gertu-gertuko tratua eman diete urte hauetan guztietan bezero izan dituztenei, eta nahiz eta denda ireki zutenetik jendearen erosteko ohiturak asko aldatu diren, gustura daude dituzten erosleekin eta herriko denda izateaz.
Orain, Belen alaba da dendaren ardura daukana, baina amak ere, gaur egun oraindik, konpainia polita egiten dio dendako mostradore atzean.
Herriko bakarrak
Denbora asko pasa da eta ez du oso ongi oroitzen denda ireki zuteneko egun zehatza; «orain dela 40 urte San Blas jaien aurretik izan zen» saiatu da gogoratzen Eziolatza. «Atzera begira jarrita ikusten dut urte asko pasa direla, azken finean bizitza guztia pasa dut nik eta baita nire alaba Belenek ere mostradore atzean», adierazi du.
Dendan pasatutako urte eta pasadizo guztiak gogora ekartzeko saiakeran, «lehen Idiazabalen lau mertzeria» zeudela adierazi du Eziolatzak, eta «orain gu bakarrik gelditzen gara» erantsi du.
Arantxa mertzeria herriko toki oso onean dago. Eliza gertuan izateagatik, jendearen pasoan dago. Gainera, hain justu, dendaren gainean bizi da sendia eta horregatik, ia 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutela esan daiteke. «Lursail hau erosi eta etxeak egin genituen senideok. Ahizpak eta biok bajerak erosi genituen, zerbait egiteko asmoarekin eta halaxe zabaldu genuen denda. Baina gizona gaixotu egin zitzaidan eta bi umeekin gelditu nintzen momentuan ikusi nuen aurrera ateratzeko zerbait behar nuela, eta mertzeriari indartsu heldu nion, beharra baitzegoen», argitu du.
Ordu asko eta asko eskaini dizkio dendari, beti aldarte onez eta jendeari laguntzeko prest. Eziolatzak berak adierazi duenez, «jende asko etortzen zaigu etxeko txirrina jotzera denda itxita dagoenean azken uneko zerbait behar dutelako, eta guk gustu handiz atenditzen diegu».
Agian hori izango da hainbeste urtez irautearen sekretua. Dena den, Arantxak beste arrazoi bat ere badu horretarako, izan ere, «ahoz ahokoak oso ondo funtzionatzen» duela esan du eta «kanpoko herrietatik ere bezeroak etortzen» zaizkiela.
Ohituren aldaketa
Merkatal zentro handien eta internetaren eraginez, gizartearen erosketa ohiturak nabarmen aldatu dira, baina Arantxa mertzeriak aro berri honi ere ondo eutsi dio.
Horren guztiaren aurrean, «normala da aldaketak egotea, guk ere ulertzen dugu hori. Hala ere, gurera jendeak etortzen jarraitzen du. Gertuko tratua, kalitate eta prezio oneko produktuak, dendan ez dugun zerbait behar izatekotan segituan eskatu eta ekartzeko konpromisoa, internetak eta merkatal zentro handiek eskaintzen ez dutena eskaintzen dugu guk».