Lazkaon bihartik igandera ospatuko dute San Prudentzio festen lehendabiziko asteburua. Bihar, jai hasierako txupina Jundajo txarangak botako du. Hamar urte bete ditu, eta lana egokituko zaie.
Izan zen garai bat, orain dela sei urte arte, Lazkaoko jaiak hasteko modua hauxe zena: udaltzain bat udaletxeko balkoira irten, suziri bati su eman, eta zeruan lehertutakoan danbatekoak adierazten zuen ofizialki sanprudentzioak hasi zirela. 2012an beste ohitura bati ekin zitzaion, eta herriko elkarte, talde edo erakunde bat nabarmentzen hasi ziren, txupina bota eta pregoia esatearen ohorea emanda.
Amalur (2016), Gure Esku Dago (2015), Oin-Arin (2014), Maizpide eta ikastola (2013), Antzar Gazteak txistulariak eta talogileak (2012) izan dira orain arteko izendatuak. Aurten, Jundajo txarangak botako du txupinazoa, hamar urte bete dituelako eta Lazkaoko jaiak eta ospakizunak alaitzen lan eskerga burutzen duelako.
2007an sortu zuten Jundajo, 10 lagunek. Lazkaon lehen zegoen Antzar Gazteak txaranga desagertu egin zen, eta handik sartu ziren gehienak Jundajora. Baita beste lagun batzuk ere. 11 lagunek osatzen dute, orain. Hasieratik dabiltzanak bost dira.
Donostiako danborradekin hasten dute denboraldia, San Sebastian bezperan. Tolosako inauteriak, Lazkaoko, Goierriko eta Tolosaldeko festak… txoko askotara iristen dira urtearen buruan. «Kaleko giroa jartzea da gure lana, danborradak girotzea», dio Aitor Tello txaranga kideak. Festetan ere izango dute lana: bihar, mozorro egunean eta bi danborradetan joko dute.
Txupinazoa botatzeko gonbita «polita» iruditu zaie Jundajokoei. «Ohorea da guretzat Laz-kaoko festei hasiera ematea». Pregoirako zerbait prestatuko dutela agindu dute. Hamargarren urteurrena ospatzeko, berriz, urtean zehar «zer edo zer» badarabilte buruan.
Lehen asteburua bihartik igandera izango da. Ondoren, ostegun arratsaldetik astelehenera jarraituko dute jaiek.
Ohiko egitura eta festa-egunak ditu: larunbata mozorrotuena, igandean haur danborrada, eta apirilak 30 kuadrillena.
Hatortxu Rock aurkezpena
Txosna guneak bere egitaraua prestatu du. Plaza alboko aparkalekuan, baina ikastola aurretik beste leku batera mugituta jarriko dute aurten karpa. Besteak beste, igandean Hatortxu Rock jaialdiaren aurkezpena egingo dute. En Tol Sarmiento taldeak joko du. Bihar Tooth gernikarra, Sharon Stoner oñatiarra, eta Fumut lazkaotarra ariko dira.
Plazan ere goi mailako musika izango da. Astebururako, Miranda Ebroko La Regadera taldea ekarriko dute, herriko Drindotsekin batera (etzi). Bihar, Lazkao-ko bi taldek girotuko dute gaua.
Kros mistorako izenaSan Prudentzio egunean, apirilak 28, bigarren aldiz bikoteen arteko kros mistoa jokatuko da, gauean (haurrek 20:00etan). Helduen proban 14 urtetik gorakoak irten daitezke. Izena apirilaren 27ko 15:00ak arte eman liteke, sailkapenak.com gunean.
Lasterketa bikoteka egin behar da, gizonezko eta emakumezko. 5,5 kilometro dira, Lazkaoko kalean. Lehen bost bikoteek diru sariak dituzte, baita herriko lehen biek ere. Opariak banatuko dituzte, 20.era arte.
Jaietako egitarauaren azala Txomin Imaz eta Arnau Elgarresta ikasleek diseinatu dute.
Lazkaon elkarteak eskumuturrekoak eta zapiak atera ditu
Lazkaon merkatari elkarteak sustapen kanpaina bat egingo du, jaietan. Lepoko zapiak eta eskumuturrekoak bezeroen artean banatuko ditu. Honako dendetan lor daitezke: Arriaran, Amets Bat, Ekilore, Noemi, Gazi-Gozo, Gerriko, Gomez, Koboloi, Magala, Manako, Miszelania, Momo, Mikel eta Stilo. Bestetik, hilaren 28ko kros mistoko partaideen artean 150 euroko saria zozkatuko du.
San Benito ikastolak afariak emango ditu bost egunetan
Festetan, ohiturari segiz, afari zerbitzua emango du San Benito ikastolak, San Prudentzio eraikineko jolastoki itxian. Apirilaren 22, 27, 28, 29 eta 30ean afaldu ahalko da. Ikasleen eskulan erakusketa hilaren 27an (17:00-19:00), 28an (11:00-13:00) eta 29an (11:00-13:00 eta 17:00-19:00) jarriko dute.
Sexu erasoen eta gehiegizko alkohol eta hotsaren aurka
Festetarako hiru mezu zabaldu ditu udalak. Eraso sexisten aurkako jarrera erakutsi du. Bestetik, lo dauden bizilagunekiko errespetua izateko, eta gehiegizko alkohol kontsumoa saihesteko eskatu du, «aurten ere errespetuan oinarritutako festak nahi ditugulako».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.