Eskuan Ataunek eta Lazkaok atera dituzte taldeak. Palan Ordizia, Olaberria eta Lazkao ariko dira. Asteburuan hasiko dira lau talde. Lazkao, bi talderekin diren bakanetakoa
Goierriko 38 pilotarik parte hartuko dute 2017ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, bost taldetan eta bi modalitatetan. Asteburuan hasiko da, bai esku huska, bai palan. Bailarako lau herritan antolatu dituzte taldeak: bi eskurako —Ataun eta Lazkao—, hiru palan —Olaberria, Ordizia eta Lazkao—. Lazkao da, bi moldeetan taldea atera duen Gipuzkoako bost herrietako bat.
Eskuz, 21 herriren artean, Ataunek eta Lazkaok eutsiko diote Goierriri. Zumarraga erori da, iaztik. Ataunek 12 pilotari sartu ditu Herriartekoan. Andoain egokitu zaio final hamaseirenetan. Andoainen jokatuko du joanekoa, igandean 10:30ean.
«Beti bezala, esperantzarekin goaz. Taldea atera dugu behintzat. Herri handiagoak batere gabe gelditu dira. Beraz, parte hartzea lorpena da jada», dio Ataunen prestatzaile Eneko Imazek. 18. parte-hartzea du Ataunek. 1989an hasi zenetik, hiru urte soilik huts egin du.
Lazkaok 14. aldia du, hirugarrena jarraian. Final zortzirenetan ekingo dio jokoari, maiatzaren 19ko asteburuan. Hain justu, Andoain-Ataun kanporaketako garailearen aurka hasiko da. Iaz, Ataun-Lazkao derbia izan zen.
Palan 8 herri ariko dira, eta partaidetza klasikoa mantendu du Goierrik. Olaberria justu ibili da taldea osatzeko, eta Iker Arrieta berreskuratu dute. Olaberria-Donostia da parekatzea, Olaberrian etzi 11:00etan.
Lazkaok talde sendoa
Esperientzia eta proiekzio handiko palariak batu ditu Lazkaok, palarako. Deba txapeldunordearen aurka hasiko du. Igandean 11:00etan Deban jokatuko dute.
Ordiziak ere zazpi palari elkartu ditu, ibilbide luzea dutenak eta gazteak. Edizio guztietan parte hartu du palan, 27etan. Oiartzun hartuko du, larunbatean 17:00etan, herriko Beti-Alain.
Goierri Herriartekoan
Eskua
- Ataun. Kadeteak: Beñat Senar, Josu Etxeberria, Eneko Goikoetxea, Unai Goikoetxea, Endika Apalategi. Jubenilak: Iraitz Zubizarreta, Arkaitz Baztarrika, Jon Olano, Eneko Herguedas. Larriak: Iñigo Zabala, Aimar Zaldua, Ibai Arratibel.
Prestatzailea: Eneko Imaz.
- Lazkao. Kadeteak: Iker Etxeberria, Ander Garmendia, Aitzol Lasa, Iban Pajares. Jubenilak: Ander Ruiz de Larramendi. Larriak: Manex Garmendia, Xiker Olariaga, Mikel Intsausti, Unai Bereziartu.
Prestatzailea: Jabi Gelbentzu.
Pala
- Lazkao. Beñat Ibarguren, Xabier Ibarguren, Ibon Zurutuza, Goren Oiarbide, Mikel Arantzegi, Azeari Andonegi.
- Olaberria. Garikoitz Arrieta, Jose Manuel Garrido, Iker Arrieta, Imanol Olaran.
- Ordizia. Aurrelariak: Iñaki Aranburu, Aitor Otegi, Aitor Luzuriaga. Atzelariak: Gorka Berasategi, Zuhaitz Letamendia, Josetxo Erize, Ricardo Goiburu. Prestatzailea: Jesus Mari Albisu.