Egun betea izango da Lazkaoko Gazte Festen hirugarrena, gaur
Lazkaoko Gazte Festek aurrera jarraitzen dute. Astelehenean hasi ziren. Gaur egun osoan zehar barreiatu dituzte ekitaldiak. Pui Osesek Emozioen hizkuntza, clown tailerraren bitartez saioa egingo du. 11:00etan hasiko da, Hirigoiengo eskola txikian (perr...
Tailerrean parte hartzen dutenek bazkaria egingo dute, 14:00etan. Arratsaldean, mus txapelketa jokatuko da. Plazako frontoian taberna-txosna muntatu dute, eta izena han eman behar da, 16:00etan, bikoteko 20 euro ordainduta. Lehiaketa 17:00etan hasiko da, Orobione eta Aldasoro Berri tabernetan.
Hiru sari jarri dituzte: bildutako diruaren %50 eta txapela irabazleek, %30 eta garaikurra bigarrenek, eta %10 hirugarrenek.
Kontzertu handiak
Aste osoko egitaraua du Gazte Festak. Bihar, 18:00etan, Lazkaoko pintxo-potearekin bat egingo dute. Txosnan pintxoak zerbitzatuko dituzte, eta trikitilariak ibiliko dira kalejiran.
Astebururako, musika kontzertu aipagarriak antolatu dituzte. Ostiralean, talo jana izango da lehenik (19:00). Gauean, 22:00etan, Kolp, The Frankys eta Zesura taldeek joko dute.
Larunbata ekitaldiz hornitua dator. Areto futbol finala (11:00), gazte bazkaria (14:30), Polekeleke elektro-txaranga (18:00), eta kontzertuak (22:00) izango dira: Unidad Alavesa, Zopilotes Txirriaos eta Egurra ta Kitto.