Iztueta baserriko ateak zabalik
Parketxe Fundazioak eta Iztueta Baserriak familientzako bisita berezia antolatu dute. Baserria eta produktuen ekoizpen prozesuak ezagutu dituzte bertatik bertaraLazkaomendiko Iztueta baserriak ateak zabaldu zituen igandean, baserri mundua eta haien pro...
Parketxe Fundazioak eta Iztueta Baserriak familientzako bisita berezia antolatu dute. Baserria eta produktuen ekoizpen prozesuak ezagutu dituzte bertatik bertara
Lazkaomendiko Iztueta baserriak ateak zabaldu zituen igandean, baserri mundua eta haien produktuen ekoizpen prozesuak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Tradizioa eta teknologia uztartuz, belaunaldietako esperientziaren fruituak erakutsi zizkien bertaratu ziren familiei. Besteak beste, Zaldibiatik, Donostiatik eta Oñatitik gerturatu ziren bisitariak, baita Errioxatik ere.Lehenik eta behin, baserriko sarrera-aretoan bideo bat ipini zuten, baserriaren eta Iztueta familiaren inguruko azalpen orokorra emateko. Bertan, ekoizpenerako oinarri nagusia prozesu naturala errespetatzea dela azpimarratu zuten. Ondoren, bertaratu zirenek baserriaren txoko ezberdinak bisitatzeko aukera izan zuten: ukuilua, esnetegia… eta baita abereak ere. Honela, bideoan azaldutako ideien inguruan sakontzeko aukera izan zuten.
Lau belaunaldi
Iztueta Baserrian belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin. Lau belaunalditan zehar eboluzionatuz eta garai berrietako beharrei eutsiz, behi esnea, jogurtak eta izozkiak ekoizten dituzte gaur egun.
Beraien animalien ongizatea eta elikadura zaintzen dituzte, ingurumena eta jasangarritasuna oinarri hartuta. Ziklo guztiaz arduratzen dira Iztuetan, beraien produktuetan kalitate gorena mantentzeko. Prozesu naturala errespetatzeari esker gainera, behien biziraupen luzea bermatzen dutela azaldu zuten: 10-15 urte inguru.
Bisitaldiarekin bukatzeko, esne-behiarekin ekoizten dituzten produktuak jogurtak eta izozkiak dastatzeko aukera izan dute bisitari guztiek.