Baserriko animaliak ikusteko eta baserritarren produktuak erosteko aukera izan dute Lazkao bisitatu dutenek
Jospi Insausti omendu dute hainbat urtean astoekin egindako lanagatik.
VII. Basherri Eguna ospatu dute goizean Lazkaon, eta beraz, Lazkaomendiko paisaia herrira jaitsi da. Baserritarren munduan murgildu da Lazkao: astoek, zaldiek eta behiek bete dute herriko plaza, besteak beste. Horretaz gain, 9:00etatik 14:00etara, salgai egon dira bertako nekazarien produktuak: kalitate bikaineko gaztak, barazkiak eta txerrikiak erosi dituzte bisitariek. Festa giroa sortzen aritu dira, bestalde, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariak.
Basherri eguneko ospakizunetan murgilduta zegoela egin diote omenaldia Jospi Insaustiri. Hainbat urtean astoekin egindako lanagatik omendu dute baserritarra, eta nabarmendu du “pozgarria” izan dela saria jasotzea. Insausti ez da izan, hala ere, Basherri Eguneko saridun bakarra: plazako postuetan erosketak egin dituztenen artean errifa-txartelak banatu dituzte. 13:30ean zozketatu dituzte baserriko produktuz betetako bi saski.
“Animaliak ikusi, pintxo bat jan, erosketak egin… goiza pasatzeko giro aparta izaten da Basherri Egunean”, adierazi du Imanol Santoyo lazkaotarrak, eta zera gaineratu du: “Euskal kulturaren alderdi bat ezagutzeko aukera ere izaten dugu”. Dudarik gabe, baserritarren bizimodura gerturatu dira goizean Lazkaon bildu direnak.