Baserriko lana, kalean artelana
Ehundik gora abelburu, erakusketa, barazki eta jaki azoka, eta nekazaritzari gorazarrea izan ditu Lazkaoko VII. Basherri Egunak.Urtean behin bederen, eta Astotxo Eguneko asto erakusketaren osagarri, nekazaritzak hartzen du Lazkaoko bihotza. Igandean, V...
Ehundik gora abelburu, erakusketa, barazki eta jaki azoka, eta nekazaritzari gorazarrea izan ditu Lazkaoko VII. Basherri Egunak.
Urtean behin bederen, eta Astotxo Eguneko asto erakusketaren osagarri, nekazaritzak hartzen du Lazkaoko bihotza. Igandean, VII. Basherri Egunean, herriko hainbat baserritako lanaren erakusleiho bihurtu zen plaza. Eguraldi eguzkitsuak animatuta, jende asko inguratu zen, eguerdirako.Giroa ere halakoxea zen. Estalpean barazki, gazta, txerriki eta esneki azoka egin dute. Etxeko biltegia betetzeko lehen mailako lehengaiak. Frontoian, Enparandegikoek artazorroz eginiko alfonbrak eta tapizak jarri zituzten, agindutako hitza betez. Bertan aritu ziren arto-orri lehorrez txirikordak egiten, gainera.
Aldamenean, Basatxerri markako hirugiharre frijitua eta txorizo egosia, sabela berdintzeko. Eta Zeraingo sagardoa, txotxetik. Ikastolako batxilerreko ikasleak gogotik saiatu ziren pintxoak saltzen, datorren urteko Italiarako kultur bidaiaren gastuak arintzeko.
Plazan, abereak
Udaletxeko arkupean oiloak eta untxiak jarri zituzten, 6 kaiola. Plazan 10 esparrutan eta arboladian sokara lotuta, abereak, hegaztiak eta ganadua: txerriak, ahuntzak, poniak, ardiak, ahateak, zaldi-behorrak, astoak, pottokak eta txahalak. Denera, 109 buru. Intzartzu, Otromintxiki, Larraitz Etxe, Iztuetagarakoa, Atxubieta (Atxutxe), Imazberri, Iztuetazpikoa eta Izarrerdi baserrietatik eraman zuten ganadua, baita Giasel elkarteak, Garikoitz Barandiaranek eta Unai Urretabizkaiak ere.
Joxpi Intxausti omendua
Basherri Egunaren antolakuntzak, iaz hasitako omenaldi ekitaldiari jarraipena eman dio, aurten. Joxpi Intxausti omendu dute, Giasel elkartea sortu, eta euskal arrazako astoa mantentzen eta herriko ekitaldietan parte hartzen egin duen lanagatik. Zintzarri bat oparitu zioten Imanol Aran eta Aitor Altuna zinegotziek, larruzko uhal eta guzti.
Ustekabean inguratu zuten lagunek Intxausti astoen esparrura, ezer ez baitzekien. Esatariak omenduko zutela esan zionean, sorpresaz hartu zuen omenaldia: «Poza eman dit, ez nuen espero. Lazkao herri tranposo samarra beti izan da eta…», zioen gero, ohiko umorez.
Zaldibiako Aranguren baserrian jaio zen Joxpi Intxausti, 1946an. Ama Gaintzaratz (Gantxaix) baserriko zuen, aita Lazkaoko Iztuetakoa. 6 urterekin etorri ziren Lazkaora, bizi izatera. Kotxe mekaniko lan egin zuen, harik eta 2003an aurre-erretiratu arte. Orduan jarri zituen astoak, «Reala ikustera joan ordez».