Ezagutza baino 20 puntu apalagoa da erabilera, lazkaotarren %64,7k baitaki euskaraz. Umeen arteko elkarrizketetan, %81era igotzen da kaleko erabilera. Larrien artean %27koa da bakarrik
Lazkaoko kalean, herritarren arteko elkarrizketak zein hizkuntzatan egiten diren neurtu du Soziolinguistika Klusterrak, udalaren eskariz. Gaztelania da nagusi: elkarrizketen %53,3 gaztelaniaz dira, %44,8 euskaraz eta %1,9 bi horiek ez diren beste hizkuntzaren batean. Urriko
Lazkao udal aldizkarian argitaratu dituzte neurketaren emaitzak.
Kale neurketarako, 1.622 elkarrizketa entzun dituzte teknikariek; 4.518 lagunenak. Ezagutzaren aldean, 20 puntu behetik dabil kalean euskararen erabilera, batez beste. Euskaraz dakitenak lazkaotarren %64,7 dira (3.432 lagun), eta ia euskaldunak %13,3 (707). Erdaldun elebakarrak, %22 (1.1678).
«Espero daitekeen erabilerari» jarri dio arreta neurketak. Kalean bertako biztanleak bakarrik baleude, eta beraien artean hitz egiteko zoriz elkartuko balira (euskaraz ez dakienen bat dagoenean beti erdaraz suposatuta, eta euskaldunen taldeetan beti euskaraz), zenbat euskara entzungo litzatekeen kalkulua da «espero daitekeen erabilera». Horren arabera, %34,2ko erabilera «espero» beharko litzateke Lazkaon. «Beraz, euskararen erabilera, estatistikoki espero daitekeena baino zertxobait altuagoa da», ebatzi du udalak.
Haurrak, indar eragile
Generoari dagokionez, emakumezko zein gizonezko, antzeko erabilera datua eman du neurketak: gizonezkoen %44k darabil euskara kalean, emakumeen %45,4k. Gaztelania da bi segmentuetan nagusi: %52,1 eta 54,7. Beste hizkuntzaren bat, emakumeek gehiago egiten dute (%2,5) gizonek baino (%1,2).
Kontua asko aldatzen da tartean haurrak daudenean; euskararen mesederako, aldatu ere. Inguruan heldurik gabe, taldean haurrak bakarrik daudenean, %81,9 da euskararen erabilera Lazkaon. Larriak euren artean ari direnean, batez besteko erabilera bera baino baxuago erortzen da datua orduan: %27 soilik euskaraz.
Haurrek eta helduek osaturiko taldeetan, berriz, %54,5ekoa da tasa. Baina hizketan ari dena haurra denean, %62,8ra igotzen da erabilera, larria hitz egiten ari denean (%47) baino nabarmen gehiago.
Adin multzoak kontuan hartuta, 2-14 urte arteko lazkaotarrek darabilte euskara gehien: %69k. Gutxien, berriz, adinekoek: haien arteko elkarrizketen %28 dira euskaraz. Gazteen artean %67koa da erabilera, eta helduen artean %32,5ekoa.
Familia-transmisio eta helduentzako ikastaroez, ituna
Lazkaoko Udalak, Maizpide euskaltegiak eta San Benito ikastolak euskara ikasteko ekimena egin dute, lankidetzan. Maila eta ezaugarri desberdineko kurtsoak dira. Doan dira.
Bi motatakoak dira. Batetik, familia-tranmisioko ikastaroa. 20 ordukoa da, astean bi orduko klaseekin osatua. Oinarrizko komunikazioa edota haurren abestiak landuko dituzte.
Bestea helduek euskaraz ikasteko kurtsoen saila da, 20 ordukoa, hiru mailatan. Izena Maizpiden eman behar da.