Legorretako Udalak berdintasun programa aurkeztu du Aldundian
Legorreta 2012an sartu zen aldundiaren Berdinbidea egitasmoan, eta horren barruan garatu du berdintasun plana. Talde eragileentzat formakuntza saioa egingo dute biharLegorreta 2012an sartu zen aldundiaren Berdinbidea egitasmoan, eta horren barruan garatu du berdintasun plana. Talde eragileentzat formakuntza saioa egingo dute bihar
Legorretako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean programan parte hartzen du, eta horren barruan izandako esperientzia kontatu zuen pasa den asteazkenean foru diputazioak antolatutako batzar batean. Legorretak 2012an sartu zen Berdinbidea programan.
Zelai Amenabarro alkateak adierazi duenez, programa hori «laguntza handia da» herrian berdintasun politikak garatu ahal izateko. Horrez gain, «berdintasunean aurrera egiteko, berdintasun lantaldearen inplikazioa ezinbestekoa izaten ari» dela gaineratu du.
Legorretako Udaleko ordezkariez gain, Saiaz mankomunitateko (Albiztur, Errezil, Bidania Goiatz eta Beizama) eta Urnietako Udalekoak ere izan ziren batzarrean, haien esperientzia kontatzen. Legorretako Udalaren aldetik, Amenabarro alkateak eta Itsaso Urretagoienak eman zuten programaren berri.
Lan ildoa
Legorretako Udalak ez du berdintasun teknikaririk. Amenabarrok azaldu duenez, «ekintza solteak egiten ziren eta berdintasunaren arloan lan egiteko gogoa bai, baina hortik harago gehiago egiten ez zenaren sentsazioa» zuten. Harrezkero, hainbat ekintza garatu dituzte. Batetik, teknikariek, politikariek eta berdintasun lantaldeak formazio saioa egin zuten hutsuneak identifikatzeko. Bestalde, balioen aldaketa deiturikoa egin dute eta horren barruan hezkidetza saioak egin dituzte. Azkenik, talde eragileei bi saio emango dizkie Emaginek. Herrian antolatzen dituzten ekintzak aztertuko dituzte, horietan genero ikuspegia txertatzeko.