Legorretatik Mundura gobernuz kanpoko erakundeak Hondurasko La Nora kolonian duen proiektua laguntzeko apustu bertsotua antolatu dute biharko Legorretan. Botilero, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran ariko dira.
Apustu bertsotua deitu diote. Goierriko bi mutil gazte, bata legorretarra, pisu jaurtitzailea, Odei Lopez izenekoa; Ordiziarra bestea, errugbi jokalaria, Imanol Iruarriz. Elkartasunagatik, nork pisu gehiago altxatu ariko dira. Botilero lanetan, berriz, bi bertsolari, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran. Legorretan izango da hitzordua, bihar, ostirala, 19:30ean, Herri Antzokian.
Ordiziako Euskal Jaietan, Lopezek eta Iruarrizen aitak, kalean topo egin zuten. Gorputzean zerbezaren bat edo beste eta ahoa bero-bero. «Baietz zuk baino pisu gehiago altxatu nire seme Imanolek!», bota zion Lopezi. Legorretakoa, mutil jatorra baina bera ere kirolaria, pisu jaurtiketan hainbat titulu lortutakoa, eta ezin ezetz esan.
Horrela, desafioa egiteko eguna jarri zuten, baina gauza bategatik edo besteagatik ezin izan zuten burutu hitzartutako egun hartan. Denbora pasatzen joan zen eta hasiera batean bien arteko gauza pertsonala izan behar zuena, handitzen eta handitzen joan zen.
Laguntzeko nahia
Desafioan parte hartuko duten bi protagonistek ere ez dakite oso ongi nola joan den pixkana- pixkana istorioa nahasten, baina azkenean, herriari irekia izango den ekitaldia antolatu dute. Ez hori bakarrik, «ekintza honekin gobernuz kanpoko erakunde batentzat dirua atera zitekeela ere pentsatu genuen eta hala, Legorretatik Mundura erakundea etorri zitzaigun burura», adierazi du Lopezek. «Gu baino okerrago daudenei laguntzea posible» dela uste baitu.
Istorioa pixka bat gehiago handitzeko, «botilero lanetan bertsolariak jartzea bururatu zitzaigun», erantsi du Legorretakoak. Horrela, Egaña eta Iguarani egin zieten proposamena eta «haiek ere gustu handiz onartu dute desafioa». Legorretako udalera jo eta «esku artean genuena proposatu nien», esan du Lopezek eta «ideia polita zelakoan, baiezkoa esan haiek».
Egun handiaren bezperan, bata eta bestearen herrietan, ikusmira handia sortu duen ekimena da. «Herri Antzokian egingo dugu desafioa eta pisua altxatzeko makinan nork pisu gehiago altxa ariko gara», adierazi du pisu jaurtitzaileak. Bitartean, botileroek bertsotan egingo dute.
Sarrerak salgai
Legorretatik Mundura erakundea laguntze aldera, 3 euroko sarrera sinbolikoa ordaindu beharko dute desafioa ikusi nahi dutenek. Desafioaz gain, afaria ere antolatu dute. Desafiora joaten direnentzat izango da bakarrik eta 15 euro balio du txartelak. Afaria Aldapa Handin izango da, 21:30ean. Sarrerak eta afarirako txartelak Olason eta Insaustin daude salgai.
Legorretatik Mundura laguntzeko desafioa
Legorretatik Mundura gobernuz kanpoko erakundea Hondurasko La Nora kolonian ari da lanean eta hasiera-hasieratik bi helburu nagusi ditu: batetik, bertan dagoen ikastetxeko ikasleek behar duten eskolarako materiala luzatzea, ikasle guztientzako janaria ez faltatzea eta irakasleen soldatak ordaintzea. Bestetik, proiektu puntualak, kasu honetan, ikastetxeko bigarren solairua berritzeko asmoa dute.
Bigarren hori egin ahal izateko erabiliko dute, bihar, Legorretan egingo den desafio eta afariarekin eskuratutako dirua. Ikastetxeko lehenengo solairua berritu ondoren, erronka berri honi egin nahi dio aurre Legorretatik Mundurak. Horrela, hiru ikasgela eta komun bat berrituko dituzte, La Norako gazteenentzat egokiak diren instalakuntza batzuk lortuz.
Bestalde, etorkizunera begira ere ari da erakundea. Ikastetxearen bueltan, eta tokiko proiektu buruarekin elkartu ondoren, gaztetxoentzako beste behar bat identifikatu dute. Orain arte, jolas orduan, erreka ingurura joaten ziren jolastera eta hura ez omen da toki segurua. Horregatik, etorkizun hurbilean kantxa bat eraikitzeko erronka dute.