Elkartasunak irabazi du apustua
Odei Lopez gehiago izan da pisua jasotzen Imanol Iruarrizen aurkako erronkan. Egaña eta Iguaran bertsotan aritu dira. 700 bat euro jaso dira, Hondurasera bidaltzekoKirol apustua izan arren, ez zuten dirurik jokoan, norberaren ondra besterik ez; bai, o...
Odei Lopez gehiago izan da pisua jasotzen Imanol Iruarrizen aurkako erronkan. Egaña eta Iguaran bertsotan aritu dira. 700 bat euro jaso dira, Hondurasera bidaltzeko
Kirol apustua izan arren, ez zuten dirurik jokoan, norberaren ondra besterik ez; bai, ordea, helburu bat: ikuskizuna eskaintzearekin batera, ahalik eta diru gehien lortzea Legorretatik Mundura gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko. Ederki bete zuten ezarritako helburu hori Odei Lopez pisu jaurtitzaile legorretarrak eta Imanol Iruarriz Ordiziako errugbi jokalariak. Ostiral iluntzean jarri zuten hitzordua, eta Legorretako Herri Antzokia bete egin zen haien norgehiagoka jarraitzeko; haltero- filian bezala, pisu gehien nork jaso aritu ziren. Publikoarenak ez ezik, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolarien animoak ere izan zituzten. Hortik ‘apustu bertsotua’ izena.Bi kirolarien arteko desafioak ikusmira handia sortu zuen, eta ez zen inolako arazorik izan Legorretako antzokia betetzeko. Proba oso parekatua izango zela aurreikusten zen, baina apustuak herritarren aldekoak ziren ikuskizuna hasi aurretik antolatutako porran. Ez zien Lopezek bere jarraitzaileei hutsik egin.
180 kilokoa ere bai
Halterofilia kirolean bezala, pisua altxatzea zuten egin beharrekoa bi kirolariek. 100 kiloko pisua osatzen zuten diskoekin hasi ziren, eta bina jasoaldiko ekinaldi bakoitzean kiloak erantsiz, 180 kiloraino iritsi zen Odei Lopez, azken jasoaldi horiekin apustua irabaziz eta Herri Antzokian bildutakoen txalo zaparrada jasoz. Iruarrizek, berriz, 165 kilo jaso zituen gehien. Jasoaldietan, Joseba Berasain legorretarraren laguntza izan zuten.
Irabazleak apustuaren eta ekitaldiaren balorazio «edarra» egin du, «jendeak ondo pasatu zuen, gu biok maila ona erakutsi genuen eta bertsolariak ere gustura aritu ziren; gainera, «helburua bete genuen eta diru piska bat ere jaso genuen». Helburu solidarioarekin jarraitzeko, apustuaren ondoren afaria egin zuten Aldapa Handi elkartean, eta hura ere «giro onean» joan zela dio. Guztira 45 lagun elkartu ziren afaltzeko.
Legorretatik Hondurasera
Ostiraleko apustu saioa eta afaria amaituta, diru kontuak egiteko ardura Legorretatik Mundura gobernuz kanpoko erakundearen esku geratu zen, hori izendatu baitzuten bi kirolariek irabazien onuradun. Hala, 650-700 euro artean jasoko ditu elkarte honek.
Hondurasko La Nora kolonian martxan duten proiektu batera bideratuko dute dirua. Hango ikastetxean bigarren solairua egokitu nahi dute, bi ikasgelekin eta komun batekin.