Mendi ibilaldiak eta sendabelarrak uztartzen dituen proiektua da 'Xendabelarrak'. Ostiralean izango da aurkezpena 10:30ean eta jarraian mendi ibilaldia egingo dute, Legorretako inguruetan
Legorretako Udalak mendi ibilaldiak eta sendabelarrak proiektu bakarrean uztartu, eta
Xendabelarrak izeneko proiektua izan da emaitza. Xenda eta senda hitzekin egindako hitzjokotik dator. Bihar ostirala aurkeztuko dute Legorretako udaletxean 10:30ean, eta ondoren mendi ibilaldia egingo dute.
Herriko hiru ibilbide zabaldu eta markatu dira, aisialdia eta osasuna sustatzeko asmoz. Bakarrik, lagunekin edo familian egiteko hiru ibilbide dira: Koate, Burnigurutzeta eta San Joan Iturri, hain zuzen.
Gainera, gure ingurua, ohiturak eta transmisioa zabaltzea ere baditu helburu proiektu honek: inguruan ezagunak diren sendabelarren transmisioa egitea, hain zuzen. Horretarako, ezinbestekoa da proiektuan parte hartu duten herritar batzuren jakintza, baita transmisioa eten ez zedin egin duten lana ere.
Informazioa zabaltzeko esku orri bat diseinatu dute, eta hiru ibilbideen panelak ikusgai egongo dira herriko plazan. Horrez gain, LegorretAPP aplikazioan ere egongo da informazio guztia, herritarren eskura,
Mapa turistikoa atalean.