San Joan plaza estaltzeko aterpearen ideia aukeratu dute Olaberrian, lehiaketan
Oier Epelde arkitekto ordiziarrak irabazi du lehenengo saria. Gailur zorroztun teilatua proposatu du udaletxe alboko plazatxorako. Proiektua sakonduko du udalak orainBi gailur pikorekin, M forman tolestatutako teilatua ematea proposatu du Olaberriko Sa...
Oier Epelde arkitekto ordiziarrak irabazi du lehenengo saria. Gailur zorroztun teilatua proposatu du udaletxe alboko plazatxorako. Proiektua sakonduko du udalak orain
Bi gailur pikorekin, M forman tolestatutako teilatua ematea proposatu du Olaberriko San Joan plazan aterpea eraikitzeko ideia-lehiaketaren irabazleak. Frontoiaren eta udaletxearen arteko plazatxoa estaltzeko, sei zutoinen gainean bost plegudun estalkia onetsi du epaimahaiak. Udaletxearen sarrera nagusiaren pareraino teilatutxo bat luzatzea ere agintzen du diseinuak.Oier Epelde arkitekto ordiziarrak egin du diseinua, eta hark irabazi du lehenengo saria (2.000 euro). Olaberriko Udalak proiektua bideratuko du orain, bai finantzarioki, bai teknikoki. Datarik ez dute zehaztu.
Guztira 9 diseinu jaso zituzten lehiaketan, eta udaletxeko ganbaran daude ikusgai. Herritarren arteko saria Juanjo Amoztegik jaso du (500 euro), eta haurrena hiru anai-arrebak aur- keztutako marrazkiek.
«Diseinu irabazlea zen bideragarriena, eta horregatik aukeratu dute. San Joan plazak azpian hutsunea du, biltegi bat eta eskolaren bulegoak daude. Teknikoki, hori ere kontuan hartu behar du proiektuak, zailtasun gehigarria baita egitura aldetik», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Beharrezko aterpea
Alkatearen hitzetan, plaza nagusia baino gehiago erabiltzen da San Joan plazatxoa, ekitaldi asko egiten direlako han. «Beharrezkoa da aterpe bat. Eskolakoek ere erabili ahalko dute. Bestela, estalpe bakarra frontoia da, eta hura pilotarako da».
Herriko beste obra bat ere garatzen ari da udala. Ihurren, Cari de la Cruz kalea berritzeko lehen fasea bukatu da, baita aparkalekua ere. Beste erdia egiteko dirua azkeneko udalbatzarrean gaitu zuten, kreditu aldaketa batekin. Cari de la Cruz kalearen bigarren erdia konpontzen urte bukaeran hasi nahi du udalak.
Udako etenaldiaren ondoren, udazkenean ekingo dio udalak 2018ko aurrekontua lantzeari. Egoera ekonomiko sendoa du, eta zorrik ez dauka batere.