«Epaiketak oso aurrekari larria jarri du gizarte mugimendu guztientzat»
Loiolako herri harresiaren harira auzipetu zutenetako bat da Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra. Ezarritako isunari eta epaiketaren gastuei aurre egiteko elkartasun kanpaina hasi dute.Loiolan 2014an egindako herri harresian atxilotu zuten Beñat Hach E...
Loiolako herri harresiaren harira auzipetu zutenetako bat da Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra. Ezarritako isunari eta epaiketaren gastuei aurre egiteko elkartasun kanpaina hasi dute.
Loiolan 2014an egindako herri harresian atxilotu zuten Beñat Hach Embarek. Iaz egin zuten epaiketa, eta «erresistentzia larria» leporatu zieten berari eta Esteban Orbegozo azpeitiarrari. Eusko Jaurlaritzak jarritako errekurtso bat tarteko, hasiera batean 2.000 euroko isuna zena, 25.000 eurokoa izatera pasa zen, gertakarien erantzukizun zibila ere leporatu zietelako. Gastu horiei aurre egiteko elkartasun kanpaina egiten ari dira orain.Bere garaian muntaia poliziala salatu zenuten.
Guk muntaiarena salatu genuenean ez zen irakurketa politiko bat izan, ebidentzia batengatik salatu genuen. Ertzain horrek, egun horretan bertan, belaunak huts egin ziola esan zien bere ofizialei eta ospitalean artatu zutenei. Egun hartan grabatutako bideoetan ikus daiteke nola ertzain hori erori egiten den eskaileretan. Horregatik, atxilotu gintuztenean, hasiera batean atentatua leporatu baziguten ere, segituan erresistentziara aldatu zuten, garbi zegoelako ez zela inongo kontakturik egon agentearen eta gure artean.
Gerora, ordea, bertsio hori aldatu egin zuten.
Bai, bi hilabetera aldatu zuten bertsio osoa. Ertzain horrek orduan esaten du guk jipoitu egin genuela, taldean joan ginela eta egurra eman geniola. Beti dago interpretaziorako tarte bat, deklarazioan zerbait zehaztu edo zuzentzeko aukera. Baina lehen belaunak huts egin ziola esatetik jipoitu egin genuela esatera, oso margen handia dago.
Herri harresiena protesta egiteko modu berri bat izan zen, pasiboa eta baketsua.
Bai, eta erabat deskolokatu zituen praktika horrek. Jaurlaritza bera, momentu horretan oso gaindituta zegoen herri harresiek planteatzen zuten paradigmarekin. Beraientzat berria zen, eta ez zekiten nola aurre egin egoera horri. Baina erantzun bat eman behar zioten, eta herri harresietan parte hartzen ari zen jende horri garbi utzi nahi zioten oso garesti atera daitekeela horrelako ekintza batean parte hartzea. Lehen jende askok atxilotzeko edo kolpeak jasotzeko beldurra bazuen, orain gainera isunez eta kartzela zigorrez hizketan ari gara.
Ez da egon herri harresi bat epaiketarik gabe. Hemen kantitate handiagoetaz ari bagara, tartean ertzain baten lan istripua egon zelako da. Irudiak hor daude, jendea modu baketsuan, eserita edo etzanda, eta ertzainak haien kontra oldartzen. Oso irudi gogorrak dira, eta hori politikoki eramatea oso zaila zen haientzat. Horregatik uste dugu mahaian kolpe bat eman nahi izan dutela auzi honekin.
Ekimen horien atzean arduradun garbirik ez zegoelako leporatu al dizuete zuei erantzukizun zibila?
Bai, gu norbanako bezala joan ginen. Atxilotu behar zituzten gazteei elkartasuna adieraztera eta eskubide zibil eta politikoen defentsa egitera. Biltzeko eta antolatzeko eskubidea, bozkatzekoa, manifestatu edo greba egiteko eskubidea… eskubide horiek guztiak jokoan daudelako gaude kalean. Herri harresietan ariketa hori egin zen.
Ertzainak ezkerreko aldetik sartu beharrean eskuineko aldetik sartu izan balira, beste batzuei tokatuko zitzaien. Herri harresietan beti egon dira atxilotuak, eta egun horretan guri tokatu zitzaigun. Nik ez dut uste propio gure bila joan zirenik; parean zituzten bi lagun hartu eta eraman zituzten. Eta hau ez da soilik gazteen kontua, asko hala saltzen saiatu badira ere. Nirekin batera auzipetuta dagoen azpeitiarrak 65 bat urte ditu. Eskubide zibil eta politikoak gizarte osoaren kontua dira, eta hor hori zegoen jokoan.
Erantzukizun zibila ekitaldia antolatu ez duen norbaiti leporatzea, berria da ezta?
Hori da benetan gu kezkatzen gaituena, etorkizunari begira oso arriskutsua den jurisprudentzia bat ezarri duelako. Errekurtsoa jarri zutenean eta bigarren sententzia eman zutenean, sententzia mantendu egiten da, lehenengoaren berdina da; baina bukaeran parrafo bat eransten zaio. Eta hor esaten dena da, nahiz eta guk frogatu ez genuela izan eragin zuzenik ertzain horren lesioan, nola gu parte hartzen ari ginen protesta batean gertatu zen lesio hori, erantzukizun zibila gure gain erortzen dela. Eta hori, oso oso aurrekari arriskutsua da herri mugimendu guztientzat. Izan liteke norbait etxegabetze bat gelditzen ari dela, edo bere lanetik bota dutelako protestan, greba batean edo manifestazio batean; nahikoa da polizia batek estropozu egitea edo polizia horri edozer gauza gertatzea. Norbait atxilotzen badute protesta horretan, erantzukizun zibila bere gain har dezake, bera protestan parte hartzen ari zen bitartean gertatu zelako.
Jendeak askotan galdetzen digu, ea zer moduz gauden eta istorio honi buelta ematen ari ote garen. Asko estimatzen dugu, eta bihotzez gainera. Baina benetako arazoa, epaiketa honek aurrera begira markatzen duena da, edozein protesta motatan parte hartzeak eraman dezakeela gu gauden eskenatoki honetara, eta horrela, protesta batean parte hartzea gero eta zailagoa da.
Lehen sententzia hori ikusita, zergatik uste duzu jaurlaritzak errekurtsoa jarri zuela?
Ez zutelako nahikoa. Hasteko, ertzainei abokatua jaurlaritzak jartzen die, eta beraz, denon artean ordaintzen dugu. Eta kasu honetan, garbi zegoen atentatu delituaren bila joan zirela, eta horrek hiru urteko kartzela zigorra zekarren. Baina segituan gelditu zen frogatuta hori gezurra zela, gure aldea bakarrik izan zelako frogak aurkeztu zituena. Beraiek ez zuten frogarik aurkeztu, polizien testigantzak besterik ez. Hori ikusita, eskerrak dena grabatuta zegoen! Ez balitz bideorik egongo, edozer gauza gertatu zitekeen.
Eta hori mozal legea onartu aurretik.
Bai, pentsa orain! Inpunitate maila handia dute. Begira Cabacasen kasua. Ohitu egin gara injustizia honetara eta polizia inpunitate horrekin funtzionatzera, baina ezin du horrela izan.
Epaiketako gastuei aurre egiteko elkartasun kanpaina bat hasi duzue.
Bi helburu ditugu, batetik egoera politiko hori azaleratzea, eta bestetik, isunei eta epaiketa gastuei aurre egiteko dirua biltzea. Txikitik eragin nahi dugu; ez dugu makro jaialdirik antolatu nahi. Txikitik eragite horretan, herritarrei mezua zabaldu diegu, eta bakoitzaren esku dauden ekimen eta ekitaldi ezberdinak egitea da asmoa. Hasi dira pixkanaka ekimenak ateratzen herrietan, Gabirian, Azpeitian eta Donostian egin dira gauzak, Urretxu-Zumarragan ere bai. Ordizian ere zerbait antolatzen ari dira, Eibarren, Nafarroan… Herrietako festetan ere txosnetan ariko gara, errifak… horrelako ekimenak. Herritar guztiei egiten diegu deia, edozein ekitaldi, txikia dela ere, egiteko prest badaude, gurekin harremanetan jar daitezela.