Bertako Artisauen eta Ekintzaileen III. Azoka ospatu dute Ormaiztegin
Duela zazpi urtetik ospatzen duten Ekain Kulturalaren harira antolatu dute azoka. Azoka, aldiz, hirugarrenez egin dute aurten
Bertakoek egin dituzten artisau-lanen erakuslehio bihurtu da gaur eguerdian Ormaiztegiko eliza ataria. Bertako Artisauen eta Ekintzaileen Azoka ospatu dute hirugarren urtez jarraian, 12:00etan hasi eta 14:30ak arte. Herritarrek bertako artisauak eta haiek egindako produktuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, baita produktuak erostekoa ere.
Azokaren helburuak bertako artisauen lanak ezagutzera emateaz gain, elkarren artean ezagutzea eta herrian giroa sortzea dira. Parte hartzaileen artean, margolariak, eskulangileak, jostunak, egurra eta larrua lantzen duten artisauak, abanikoen egileak, xaboigileak eta eva goma lantzen duten artisauak izan dira.
2018ko Ekain Kulturalaren harira antolatu dute azoka, herrian kultur ekintzak nahiz herritarren parte-hartzea sustatu asmoz. Ekimena 2012az geroztik ospatzen dute, eta hilaren 28ra arte egitarau oparoa osatu dute. Besteak beste, Musikale jaialdia, kalean josteko eguna, kulturarteko gastroazoka edota Gure Sor Lekuaren Bila dokumentalaren proiekzioa egingo dituzte.