Etxeko artelanen azoka
Ormaiztegin asteburuan ekin diote Ekain Kulturaleko egitarau beteari. Bertako Artisau eta Ekintzaileen Azokan herritarren eskulanak izan dira ikusgai. Ostegunean segiko du egitarauakOrmaiztegin kultur ekitaldiz beteta dator ekaina. Egitarau betea osatu...
Ormaiztegin asteburuan ekin diote Ekain Kulturaleko egitarau beteari. Bertako Artisau eta Ekintzaileen Azokan herritarren eskulanak izan dira ikusgai. Ostegunean segiko du egitarauak
Ormaiztegin kultur ekitaldiz beteta dator ekaina. Egitarau betea osatu dute Ekain Kulturala zikloan, eta asteburuan egin dituzte aurreneko ekitaldiak. Horietan nagusiena, Bertako Artisauen eta Ekintzaileen Azoka izan da. Hirugarren urtez segidan egin dute feria hori, eta bertan, herritarrek bertako artisau eta eskulangileek egiten dituzten lanak ezagutzeko aukera izaten dute.Herriko artisauen lanak ezagutarazteko aukera emateaz gain, artisauen arteko topagune ere izan nahi du feriak; eta bide batez, baita herrian giroa sortzea ere. Parte hartzaileen artean, margolariak, eskulangileak, jostunak, egurra eta larrua lantzen duten artisauak, abaniko egileak, xaboigileak eta eva goma lantzen dutenak daude.
Ostegunean gehiago
Ormaiztegiko Ekain Kulturala 2012. urtean sortu zen, kultur ekintzak eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin. Egitarau horren harrera ona izan du azken urteetan, eta udalak nahiz herriko hainbat taldek eta norbanakok urtero mantentzeko ahalegina egiten dute.
Lau asteko egitaraua antolatu dute aurten, hilaren 28ra bitartean. Asteburuko ekitaldien ondoren, ostegunean jarraituko du egitarauak, Musikale zuzeneko musika emanaldietako lehen saioarekin. Mammut & The Palmeras Stuck taldeak joko du 20:00etan, plazako karpan.
Larunbatean, Erreka Eguna dela eta, Urmaiz eta Estanda errekak garbituko dituzte goiz osoan, 10:30ean hasita. Iluntzean, berriz, Urmaiz abesbatzaren kontzertua izango da, 19:30ean, San Andres elizan.