Urretxuko Udalak Pagoetako hotela desjabetu behar izatea saihestu du
Eraikinak jatorrizko kalifikazioa berreskuratu du. Zerbitzutarako erabili ahal izango da. Tasek eta zergek KPIaren igoera bera izango dute: %1,7Urretxuko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek Pagoeta auzoan hotel bat hartu behar zuen eraikinaren k...
Eraikinak jatorrizko kalifikazioa berreskuratu du. Zerbitzutarako erabili ahal izango da. Tasek eta zergek KPIaren igoera bera izango dute: %1,7
Urretxuko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek Pagoeta auzoan hotel bat hartu behar zuen eraikinaren kalifikazioa aldatzea onartu dute. 2007-2011 legealdian beste erabilera bat eman zitzaion eta jatorrizkora itzuliko ez balitz, udala desjabetzera behartuta legoke. Kostua hiruzpalau milioikoa litzateke.Hotela ez zen sekula ireki. 2007-2011 legealdian kalifikazioa aldatu zen lizeoa bertara eramateko, bankuak jatorrizko jabeari eraikina kendu zion, honek udala epaitegietara eraman zuen kalifikazio aldaketak galera eragin ziola uste duelako eta egungo jabeak udalari desjabetzea eska ziezaiokeen.
Hori dela eta, udalak kalifikazioa aldatu du. «Txosten baten arabera, lizeoa bere horretan mantenduz gero, ez ditugu halako azpiegitura gehiago behar. Hori dela eta, eraikinari jatorrizko kalifikazioa emango diogu: zerbitzutarako», azaldu zuen Igor Zubillaga Hirigintza batzordeburuak osoko bilkuran.
Ordenantza fiskalak
Osteguneko bilkuran 2018ko ordenantza fiskalak era onartu zituzten. Tasak eta zergak KPIaren igoera bera izango dute: %1,7. Salbuespen batzuk egongo dira: zaborraren tasa mantendu egingo da, urarena %0,5 igoko da eta kiroldegiko eta pilotalekuko prezioak %5 igoko dira.
Ordenantza fiskalak bi zatitan bozkatu ziren. Kirol zerbitzuen prezioak aparte bozkatu ziren. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bildu eta Irabazi abstenitu egin ziren. Gainontzeko tasa eta zerga guztiek alderdi guztien aldeko botoa jaso zuten.
Itziar Agirre Ogasun batzordeburuak kirol instalazioen prezioaren igoera arrazoitu zuen. Langileei behar bezala ordaindu ahal izateko, kirol zerbitzuak eskaintzen dituen enpresari gehiago ordaindu behar izan diote. Gainera, kiroldegian eta pilotalekuan berrikuntza lanak egin behar dira.
Zaborren tasa bere horretan mantendu dute gaikako bilketa hobetu egin delako eta urarena igerilekuak ur asko galtzen duelako igo dute. Hori dela eta, igerilekua berritu behar dute.
EH Bilduko bozeramaile Oihane Zabaletak kirol kontuan gauzak oso argi dituela, baina beste arlo batzuetan ez dituela hain argi leporatu zion gobernu taldeari.