Felipe III.a erregeak gaua Urretxun pasa zuenekoa
Duela 400 urte, atzoko egunean, Felipe III Espainiako erregea Urretxun egon zen. Berak eta Austriako Ana bere alabak Ipeñarrieta jauregian lo egin zuten. Ehunka abere, karroza eta laguntzailerekin etorri ziren.Urretxuk sekula jaso duen bisita berezien...
Duela 400 urte, atzoko egunean, Felipe III Espainiako erregea Urretxun egon zen. Berak eta Austriako Ana bere alabak Ipeñarrieta jauregian lo egin zuten. Ehunka abere, karroza eta laguntzailerekin etorri ziren.
Urretxuk sekula jaso duen bisita berezienak 400 urte bete zituen atzo. 1617ko aza-roaren 2an Espainiako erregeak eta Austriako Ana bere alabak Ipeñarrieta jauregian ostatu hartu zuten. Urretxuarrak eta zumarragarrak ahoa bete hortz utzi zituzten, ehunka abere, karroza eta laguntzailerekin etorri baitziren.Ipeñarrietatarrek gortearekin harreman estua zuten. Horregatik hartu zuten ostatu Urretxuko jauregian. Eraikin hori Cristobal Ipeñarrietaren aginduz altxatu zuten, 1605ean. Urretxuar hark Felipe II.a eta Felipe III.a Espainiako erregeentzat lan egin zuen.
Haren semeetako bat, Pedro, Calatravako ordenako kidea izan zen. Hori dela eta, erregeari ostatu ematera behartua zegoen bere lurretatik pasatzen zen bakoitzean. Hori da, hain zuzen ere, duela 400 urte egin zuena.
Felipe III.aren alaba, Austriako Ana, Frantziako Luis XIII.arekin ezkondu behar zen eta Faisaien uhartean zuten hitzordua. Hara heltzeko lurraldea hau zeharkatu beharra zuten eta Leintz Gatzagatik sartu ziren lurralde honetan.
Jonmikel Intsausti zumarragarrak iaz Irimo magalean egindako ibilaldirako jasotako informazioaren arabera, erregeak eta bere alabak sekulako eskolta zeramaten: 190 karroza, 74 kotxe, 74 ohatze, 2.750 zela-mando, 2.000 zamabere eta laguntzaile mordoa.
Zubi eta bide asko konpondu behar izan zituzten erregeak eta bere alabak ahalik eta bidaia erosoena egin zezaten. Idi eta gizon askok lan egin zuten. Gainera, toki guztietan jana eta edana eskaintzera behartuak zeuden. Hori guztia dela eta, Gipuzkoari oso garesti irten zitzaion bisita hura.
Felipe III.a eta Austriako Ana urriaren 30ean sartu ziren lurralde honetan eta azaroaren 2an iritsi ziren Urretxura. Beibakarretik sartu ziren eta gaua Ipeñarrietan igaro zuten.
Herriko gazteek guardia egin zuten eta elizako kanpaiak jo zituzten. Azaroaren 3an, gaurko egunean, herrigunea zeharkatu zuten.
Isabel II-a ere bai
Felipe III.a ez da Ipeñarrieta jauregian gaua igaro duen Espainiako errege etxeko kide bakarra. Isabel II.a Espainiako erregina ere Ipeñarrietan egon zen.
Ordurako, Narroseko markesa zen jauregiaren jabea. Isabel II.aren bisitak zeresan handia eman zuen. Izan ere, Ipeñarrieta banderekin eta zutoihalekin atondu zuten eta erregina segizioaren aurrean heldu zen… pianoa jotzen!
1956an Izagirretarrek, bertako zerbitzari izandakoen ondorengoek, Ipeñarrieta erosi zuten. Ordutik, ez dago errege etxe bateko kidea izan beharrik Urretxuko eraikin ederrena bisitatzeko.