Kilometroak Txikia festa ospatuko dute etzi Urretxu eta Zumarragan
18:00etan hasiko da, ikastolan. Festa honen helburua Kilometroak festa haurrei gerturatzea da. Afalostean Kilometroak 2018ko ibilbidea aurkeztuko duteUrretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak Txikia ospatuko du ostiral honetan. Festa honek Kilometroak eg...
18:00etan hasiko da, ikastolan. Festa honen helburua Kilometroak festa haurrei gerturatzea da. Afalostean Kilometroak 2018ko ibilbidea aurkeztuko dute
Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak Txikia ospatuko du ostiral honetan. Festa honek Kilometroak egunaren osagai berdinak izango ditu: hasiera ekitaldia, omenaldia, ibilbidea, guneak… Izenak dioen bezala, Kilometroak eguna irudikatuko da, baina txikian.Festa honen helburua Kilometroak jaia txikienei hurbiltzea da. Hori dela eta, beraiek izango dira eguneko protagonista nagusiak. Ekitaldi asko beraientzat izango dira: jolasak, tailerrak…
Festa 18:00etan hasiko da, ikastolan. Ikasleek bertaratzen direnei ongi etorria emango diete eta, ondoren, Kilometroak egunean bezala, omenaldia egingo da: Ikastolako mendi taldea omenduko dute.
Talde honek 1982ko urriaren 3an egin zuen lehen irteera. Irimora, hain zuzen ere. Ordutik gaurdaino. Euskal Herriko makina bat tontor eta bazter ezagutu dituzte Ikastolako ikasleek mendi taldeari esker. Ostiraleko ekitaldian lehengo eta oraingo taldekideak omenduko dituzte.
Omenaldiaren ondoren, zirkuitua ireki eta bideari ekingo diote Zubizikletaren atzetik. Zubizikleta Kilometroak 2018ko logoa da, bizikleta forma hartuta. Denen lanari esker ikastola aurrera egiten ari dela irudikatzen du.
Kilometroak Txikia festako ibilbideak lau gune ditu: ikastola, Zumarragako plaza, Areizaga-Kalebarren plaza eta Lizeoa. Adin guztietako haurrentzako jolas eta tailerrak egongo dira, batxilergoko ikasleek gidatuta. Musikak ere izango du tartea egitarauan: Lizeoko Batuz batukadaren erritmo biziak kaleak alaituko ditu eta Ikastolako abesbatzak kontzertua eskainiko du Areizaga-Kalebarren plazan.
Ibilbidearen aurkezpena
Festari amaiera borobila emateko, ikasturte amaierako afaria egingo dute Lizeoko patioan. Afalostean, 22:00ak aldera, Kilometroak eguneko zirkuitua aurkeztuko dute. Jarraian dantzaldia egongo da, Zunbalainen eskutik.
Ibilbidea da ezagutzeko gelditzen den bakarra. Urretxu-Zumarraga Ikastolak tantaka aurkeztu du Kilometroak 2018 nolakoa izango den: azaroan logoa, leloa eta arropa aurkeztu zituen, apirilean kanta eta bideoklipa eta etzi ibilbidea emango du ezagutzera.