Urretxuko Udalak Sarralderen erosketak eragindako zorra kitatu du
811.065 euroko kreditu aldaketa onartu du. Diru hori soberakinetik hartu du. 421.765 euro Sarralde ordaintzeko erabiliko dira eta gainontzekoa, obrak egiteko2007-2011 legealdian Urretxuko Udalak Sarralde enpresaren instalazioak erosi zituen. Azkeneko o...
811.065 euroko kreditu aldaketa onartu du. Diru hori soberakinetik hartu du. 421.765 euro Sarralde ordaintzeko erabiliko dira eta gainontzekoa, obrak egiteko
2007-2011 legealdian Urretxuko Udalak Sarralde enpresaren instalazioak erosi zituen. Azkeneko osoko bilkuran alderdi guztiek onartutako kreditu aldaketaren eskutik, mailegua amortizatuko du. Udalak hiru milioi euro inguru behar izan ditu Sarralde ordaintzeko.Kreditu aldaketa 811.065 eurokoa da eta diru horren erdia baino zertxobait gehiago (421.765 euro) Sarraldeko azken ordainketa egiteko erabiliko da. Neurri honi esker, udala zorrik gabe geldituko da ia. Gobernu taldeak zorra 2020rako desagertuko zela agindu zuen. «Datorren urtean ia udal aurrekontu osoa loturarik gabe erabili ahal izango dugu eta, beraz, hurrengo korporazioek ez dute kargarik izango», esan zuen Itziar Agirre Ogasun zinegotziak.
Kreditu aldaketari esker, Sarralde ordaintzeaz gain, 25 bat obra egingo dira. Obra hauetako asko aurreikusita zeuden, baina diru gehiago behar zen aurrera atera ahal izateko. Beste batzuk duela gutxi onartu dira eta urtea amaitu aurretik egingo dira.
Igor Zubillaga zinegotzia arduratu zen lan horien berri emateaz. Garrantzitsuena Kalerrota eta Labeaga kaleak lotuko dituen igogailua da. 240.000 euro erabiliko dituzte horretarako. Lanak aurtengo udazkenean hasiko dira eta 2019ko udaberrian amaituko dira.
Gainera, aipatu bezala, egindako kreditu aldaketari esker, aurreikusita zeuden obra askoren aurrekontua osatu ahal izango da: Barrenkale-Iparragirre-Matxinporta bidegurutzea berritzea (60.000 euro), Ipeñarrieta 10-18ren atzealdearen eta Kalerrotako zati bat asfaltatzea (25.000 euro), Isabeleko bidegurutzetik Golden parera doan espaloia zaharberritzea (40.000 euro), Nekolaldeko lehen zenbakietako espaloiaren aldaketa (20.000 euro) eta egoera txarrean dauden bidegorriko zatiak berritzea (17.000 euro).
Ingurumena
Kreditu aldaketari esker, ingurumenarekin erlazioa duten hainbat obra ere egingo dira: Sarralde garbitzen jarraituko dute (24.000 euro) eta kiroldegiko kantxan led teknologia duen argiteria jarriko dute eraginkortasun energetikoa hobetzeko (8.500 euro).
Kaleko argiterian ere berrikuntzak egongo dira. Hainbat tokitan led teknologia duen argiteria ipiniko dute. Gainera, pilotalekutik Areizaga kalera doan bidean eta hainbat arkupetan argiztapena hobetuko dute. Hori guztia egiteko 38.000 euro erabiliko dituzte.
Gizarte Ekintza saila
Gizarte Ekintza sailak ere aurreikusi baino diru gehiago edukiko du kreditu aldaketari esker. Hala, Aniztasun eta Elkarbizitza departamentuaren aurrekontua bikoiztu egingo da: 20.000 eurokoa izan beharrean, 40.000 eurokoa izango da. Bestalde, 8.500 euro gehiago egongo dira gizarte arloko proiektuetarako, 7.000 euro gehiago jubilatuen egoitzarentzat eta 6.000 euro gehiago eguneko zentroarentzat.
Jon Luqui alkateak Urretxu ez dela dirurik gabe geldituko argitu zuen. «Kreditu aldaketa egiteko soberakina erabili da, baina udalak 1,77 milioiko soberakina du oraindik. Horri esker, Urretxuk ustekabeko gastuei aurre egin ahal izango die eta datorren urteko hauteskundeen ondorengo korporazioak estutasunik gabe lan egin ahal izango du».