Serbitzuk eta FCCk garbituko dituzte Urretxuko kaleak
Urretxuko Udalak kale garbiketa zerbitzua FCC eta Serbitzu behin-behineko enpresa batasunari esleitzea onartu du. FCC eta Serbitzu urtarrilean hasiko dira Urretxuko kaleak garbitzen.Esleipena astearteko osoko bilkuran onartu zuten, aho batez. Lan egune...
Esleipena astearteko osoko bilkuran onartu zuten, aho batez. Lan egunetan sei langilek lan egingo dute eta jai egunetan zortzik, orain arte baino bat gehiagok. Udalak 448.000 euro ordainduko ditu (BEZ barne). Udal ordezkarien esanetan, diru kopuru honek langileek lan hitzarmenaren arabera lan egitea eta zerbitzu hobea eskaintzeko beharrezkoa den makineria lortzea ahalbidetzen du.
Kontratu berriak lau urteko iraupena izango du eta urtebetez luzatu ahal izango da. Esleipendun berria urtarrilaren 1ean hasiko da lanean. Ordura arte, Urretxu LV behin-behineko enpresa batasunak jarraituko du lanean.
Bestalde, astearteko osoko bilkuran, alkatetzak kreditu aldaketa baten berri eman zuen. Soberakineko 373.400 euro 19 obra egiteko erabiliko dira. Horietako batzuk berriak dira eta beste batzuek aurreikusi baino diru gehiago behar dute.
102.500 euro Mugitegiko argiteria berritzeko eta ezpondak egonkortzeko erabiliko dira. Obra hauetarako diru laguntzak lortu dira, baina udalak dirua aurreratu beharra du. Bestalde, aparailu berriak erosiko dira kiroldegirako, San Martin auzoko parkean jolas berriak jarriko dira eta kalean komun bat jarriko da.