Zegama-Otsaurteko orientazio proba egingo dute larunbatean eta igandean. Larunbatean distantzia ertaina eta esprinta egingo dituzte. Igandean distantzia luzea egingo dute
Larunbatean eta igandean Zegama-Otsaurteko orientazio proba egingo dute. Euskal Herriko proba garrantzitsuena da eta Euskal Herria, Katalunia, Asturias, Gaztela eta Frantziako kirolari onenek parte hartuko dute. 300 lagun baino gehiagok eman dute izena eta horietako gehienak Euskal Herritik kanpokoak dira.
Hiru proba antolatu dira guztira. Lehenengoa larunbatean izango da: distantzia ertaineko aldapa beherako proba. Beundako lepotik abiatu eta Otsaurteko lepoan amaituko da. Otsaurteko lehiaketa gunea 10:00etan irekiko dute. Lehen parte hartzailea 11:00etan abiatuko da eta azkena 13:00etan. Helmuga 14:00etan itxiko dute.
Arratsaldeko proba, berriz, herrigunean egingo dute. 17:30ean esprint modalitateko proba azkar eta dibertigarri bat egingo dute. Parte hartzaileek 17:00etarako pilotalekuan egon behar dute. Lehen parte hartzailea 17:30ean irtengo da eta azkena 19:00etan. Esprint modalitateko sari banaketa 20:00etan egingo dute.
Proba luzea
Bukatzeko, igande goizean distantzia luzeko proba egingo dute Otsaurteko lepoan. 08:30ean Otsaurteko lehiaketa gunea irekiko dute, 09:30ean lehen parte hartzailea abiatuko da, 12:00etan azken parte hartzailea irtengo da eta 14:00etan sari banaketa ekitaldia egingo dute, bi egunetako denboren batura egin ondoren.
Orientazio kirola adin guztietako pertsonek egin dezakete. Zegamako probetan ere nahi duten guztiek parte har dezakete. Aukera paregabea izango da mapa eta iparrorratzarekin norberaren orientazio gaitasunak ezagutu eta erakusteko. Oinez, korrikan, lagun artean edo lehiatzen parte har daiteke. Ibilbidean zehar jarritako balizak orden jakin batean aurkitu beharko dituzte, ahalik eta azkarren.
Asteburuan Zegamara joaterik ez dutenek, urte guztia dute kirol hau ezagutzeko. Izan ere, Zegaman orientazio zirkuitu bat prestatu dute. Mapak Anduetza parketxean daude, kirol hau ezagutu nahi duten guztien eskura.