Feria larunbatean egingo dute, baina gaurtik aurrera egunero ekitaldiak egongo dira. Ostiralean Ruper Ordorikak kontzertua egingo du. Igandean parketxeko txondorra itzaliko dute
Zegaman ekitaldi sorta antolatu dute San Martin egunaren inguruan. Feria larunbatean ospatuko dute, baina gaurtik igandera arte egitarau betea izango da.
Gaur, 19:00etan, Jose Mari Artolak Herri inguruan kontu kontari II ikus-entzunezkoa eskainiko du kultur etxean. Bihar, ordu berean baina udaletxean, landa lurreko lursail pribatuen kontsolidaziorako proiektua aurkeztuko dute. Aurkezpena Fernando Otazua Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendari teknikoak eta Jabier Olaetxea elkarte bereko teknikariak egingo dute.
Ostiralean, berriz, Ruper Ordorikak kontzertua egingo du, San Martin parrokian. Ordorikak bakarkako disko akustikoa argitaratu berri du, eta hala ariko da Zegaman ere. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 8 euroan, Anduetza parketxean. Egunean bertan 10 euroan jarriko dituzte.
Zapatu goizean egingo dute feria. 09:00etatik eguerdira arte, herriko abereen erakusketa eta lehiaketa egingo dute, pilotalekutik Urgainberri auzora bitarteko eremuan. Pilotalekuan, berriz, Aizkorri-Aratz parke naturaleko gaztak probatu eta eros- teko aukera izango da. Artisau produktuak ere egongo dira, ikastetxeko patioan, pilotalekuan eta plazan. Giroa alaitzeko herriko txistulariak kalejiran ibiliko dira goizean zehar. Hainbat produktu dastatzeko aukera ere izango da: Eusko Labeldun Tolosako babarrunak ikastetxeko patioan, eta eguerditik aurrera, txakolina Tartaloetxe elkartean.
Aizkorriko gaztarik onena
Hamaiketatik aurrera, Aizkorri-Aratzeko 20. gazta lehiaketa egingo dute. Parke naturalean Idiazabal gazta egiten duten 24 gaztandegi daude. Iaz Muniaingo Zabaletak irabazi zuen. Ganadu nahiz gazta lehiaketetako sariak 13:30ean banatuko dituzte.
Arratsaldean ere ekitaldiak egongo dira. 17:30ean buruhandiak irtengo dira herriko plazatik eta 18:00etan herritarren arteko eskuz binakako pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte.
Txondorra itzaltzea
Igandean beteko da hilabete Anduetzan txondorra piztu zutela. Eta igandean, San Martin egunarekin, itzalduko dute. Goizean bisita gidatuak egingo dituzte (10:30 eta 11:30) Anduetzan. Plazatik kalejiran igoko dira herritarrak, 12:45ean, musika eskolakoek lagunduta. Eta segidan, solasaldia egingo dute proiektuan parte hartu dutenekin. Txondorra itzali eta ikatza aterako dute gero, eta ondoren, mokadutxoa egingo dute. Eta bukatzeko, umeentzako saioa eta txokolatea egongo dira arratsaldean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.