Xabier Zaldua aizkolari zumarragarrak lehen mailara igotzea lortu du
Bigarren gelditu da bigarren mailako txapelketan, Ruben Saralegiren atzetik. Abenduaren 3an aizkora eta korrika apustua jokatuko du Azpeitiko zezen plazan, Arria V.aren aurkaXabier Zaldua aizkolari zumarragarra bigarren sailkatu da bigarren mailako fin...
Bigarren gelditu da bigarren mailako txapelketan, Ruben Saralegiren atzetik. Abenduaren 3an aizkora eta korrika apustua jokatuko du Azpeitiko zezen plazan, Arria V.aren aurka
Xabier Zaldua aizkolari zumarragarra bigarren sailkatu da bigarren mailako finalean eta, horrenbestez, lehen mailara igotzea lortu du.Finala igandean jokatu zuten, Azkoitiko pilotalekuan. Ruben Saralegi leitzarra nagusitu zen. Txapeldunak 19 minutu eta 59 segundo behar izan zituen lana bukatzeko eta zumarragarrak 54 segundo gehiago. Bere atzetik, Jexux Mari Mujika, Mieltxo Mindegia, Aratz Mugertza eta Julen Kañamares sailkatu ziren.
Zaldua gustura ageri da, baina bere helburua txapela janztea zen. «Lehen mailara igotzea lortu dut eta, alde horretatik, pozik nago. Dena den, txapelaren bila joan nintzen eta eskura eduki nuen. Lehen mailara igotzea garrantzitsua da, baina bigarren mailako finala irabazita igotzeak balio handiagoa du. Hala ere, Euskal Herriko hamabi onenen artean egoteak bete egiten nau».
Zumarragarra aurretik joan zen saioaren hasieran. «Laugarren egurrera arte lehenengo postuan joan nintzen. Lehen oinbikoan, buelta hartzeko orduan, 12 segundoko aldea nuen. Adar bat nabaritu nuen eta adar horrekin nahastu egin nintzen. Minutu bat galdu nuen. Oinbiko horretatik aukera guztiak galduta irten nintzen. Zorte txar hori izan ez banu, beharbada irabazi egingo nuen».
Abenduaren 3an apustua jokatuko du Azpeitiko zezen plazan, Arria V.aren aurka. 10 kanaerdiko ebakiko dituzte eta ondoren 10 kilometro egingo dituzte korrikan. Bakoitzak 4.000 euro jarriko ditu jokoan.
Zalduak apustua irabazteko aukerak dituela uste du. «Azkenaldian oso ondo ari da, baina ni ere oso ondo ari naiz entrenatzen».
Zumarragarrak Arria V.aren aurka apustua jokatu zuen duela lau urte eta galdu egin zuen. «Orduko hartan 20 kanaerdiko moztu genituen eta 8 kilometro egin genituen korrikan. 2013tik hona gauzak asko aldatu dira. Prestaketa aldatu dut. Gainera, oraingoan lan motzagoa egingo dugu. Bera baino txikiagoa naiz eta orduko hartan ni baino hobeto irten zen 20 kanaerdikoak moztetik. Oraingoan, 10 kanaerdiko direnez, hobeto irtengo naiz».
Jauregiren aurka jokatu nahi zuen, baina Arriaren aurka arituko da. «10 kanaerdikoko eta 10 kilometroko apustua edonoren aurka jokatzeko prest nengoen, baina Jauregiren aurka jokatu nahi nuen. Izan ere, berak du marka onena lan honetan. 63 minutu behar izan zituen Arria eta Kañamaresen aurka jokatu zuen apustuan».
Ez da Jauregiren aurka arituko, ordea. «Jauregik, arrazoi pertsonalak medio, ez du apustua jokatzerik. Arria azaldu zen eta bere aurka arituko naiz».